Pío Barojaren Donostia

“Gipuzkoarra eta donostiarra naiz: aurrenekoa gustatzen zait; bigarrena, asko ez”. Horrela hasten da Donostiari buruz Pío Barojak idatzi zituen testuen hautaketa hau. Berrogeita bost urte zituen esaldi hori idatzi zuenean eta hirurogeita hamarretik gora azken parteko oroitzapenak argitaratu zituenean.
Barojari ez zitzaion Donostia atsegin, askotan esaten du. Liburu honetan ikasiko ditugu bere arrazoiak. Arrazoi batzuk galduko ziren gaur egungo Donostian, beste batzuk hor egongo dira seguru asko; garbi dagoena da Donostiarekin lotutako haurtzaroko oroitzapen asko gorde zuela Barojak buruan. Begirada maitekorra eta samurra atxikitzen du haurtzaroan entzun zituen kantuen gainean, eta, batez ere, ezagutu zituen orduko donostiar arrunten gainean.

Eta itxaropenik ere bazuen Donostiari buruz:
“Handinahikeria guztiagatik, girgileria guztiagatik, jesuitismo guztiagatik eta bere gustu txar guztiagatik ere, Donostia, hemendik urte batzuetara, herri garrantzitsu eta serioa izatera iritsiko da. Egun horretan han jaiotzen den idazleak ez du nahiago izango mendien artean galdutako herri batekoa izan, Gipuzkoako hiriburukoa izan baizik”.

Pío Barojaren Donostia bere jaioterriari buruz idazle donostiarrak idatzi zituen hainbat testuren hautaketa da. Liburu honetan agertzen diren testuak honako liburu hauetatik hartuak dira: Juventud, egolatría (1917), Las horas solitarias (1918) eta Desde la última vuelta del camino II: Familia, infancia y juventud (1945).

Salbazioko armada

Jaio zen etxeak, Marokon, hiru logela zituen: bat aitarentzat, bestea anaia nagusiarentzat, eta hirugarrenean, amarekin eta bere zazpi anai-arreba gazteagoekin lo egiten zuen Abdelak. Familia bizitza bero sentsuala sumatzen da. Haurrek dena dakite gurasoen amodio oldarrei buruz. Lotsaz, ordea, ez dute horretaz hitz egiten.

Abdela nerabe denean anaia nagusiak Tangerrera darama txangoan. Bere identitate sexuala argitzen dion bidaia da hori. Anaia nagusiarenganako pasioa zapuztuta geratuko da hura neska batez maitemintzen denean.

Hogei urte beteak ditu eta Genevara doa bere ikasketak jarraitzera. Bere ametsetako Europa ezagutuko du azkenean, bere ametsetako liburuak, zinema, askatasuna! Bakardadea aurkitzen du, ordea, etxekoengandik urrun. Erakarmen handiko mutil gaztea da, eta erabili egiten du dohain hori.Abdela Taiak gure garaiko gazte baten ibilbidea kontatzen digu. Marokoko tradizioaren eta Mendebaldeko kulturaren arteko oreka-puntu egokia bilatzea da ibilbide horren gakoa, ezinegonaren eta aurrera ateratzeko nahiaren artekoa. Hipokrisiak salatzen ditu liburuan; gordin jokatzen du batzuetan, samur besteetan, xalo eta gaizto, jostakin eta hunkigarri aldi berean.

Azkenaz beste

Lertxundik, nobela honetan, ezin hilez bizirik dirauten pertsonaia herratuen patuak gurutzatzen ditu, paisaia, garai eta egoera ezberdinek ehunduriko kronika irudimenezko batean, eta estilizazioa da egileak, kondena oneste/ukatze jokoaz fabulatzerakoan, darabilen literatur tresna, irakurlea, nobelaren protagonista nagusiaren antzera, patuaz beste egiteko aske geratzen delarik. Tradizio ugaritatik hartutako kondenak eta pertsonaiak dira, bestalde, nobelan zehar gorpuzten direnak, eta, guztien muinean, narrazioaren euskarri nagusia ageri da: literaturak badu testuartekotasunaz beste egiteko azti-ahalmena, baldin eta narratzaileak betiereko galderak eraberritzeko eta birsortzeko grina badu. Eta horixe da, besteak beste, Lertxundik nobela honetan frogatzen duena.

Galderen geografia

Barne mina eta mundu ezagunaren mindura zertan diren jakin nahian abiatu da Felipe Juaristi liburu honetan. Galderak direla medio, zihurtasunetik ihesi; zihurtasuna, garai honetan, gezurraren eta fanatismoaren beste adiera bat besterik ez baita. Poema laburrak dira liburukoak; sakonak ezinbestean. Ikuspegi anitzetik, askotariko begiradaz begiratzen du idazleak, ordea. Esan nahi den errealitatea oso konplexua baita begi bakarrez atzemateko. Horrela igarotzen da, geltokiak bailiran, itxaropenetik etsipenera eta ezkortasunetik baikortasunera, eta iristen da amaierara, hasieran bezain zalantzati eta uzkur.

Txirritaren baratzea Norteko trenbidetik

Txirrita dugu -gutxik ukatuko du- bertsogintzaren eredu gailenetakoa. Haren -eta, bide batez, bertsogintza klasikoaren- poetika azaltzea du helbururik agerien saio honek. Ez da, ordea, saiakera akademikoa. Norteko trenbide bertsozkoaren aitzakiazko literatur txango ederra baizik, baratze horren ezaugarri, aberastasun eta mugak, denok bidaiari gaituen alegiazko trenetik ikustatu ahala, paperera jaso nahi dituena. Ahozkoaren -kantuzkoaren- eta idatziaren mugalur horretan, literaturtasunaren eta literaturaren inguruko gogoeta askotarikoak iradokitzen zaizkio irakurleari, bertsozale izan zein ez.

Koldo Mitxelena gure artean

«Euskaltzaleen arteko jardun sarria da euskararen eta hizkuntzen arteko elkarbizitzaren estrategia eta estrategak falta zaizkigula esatea. Eta horretaz ari garenean, Koldo Mitxelenaren aipamena egiten da aldez edo moldez. Inolako gaurkotasunik galdu ez duen hizkuntza eta herri ikuskera baten jabe da Koldo Mitxelenaren pentsamendua -lehenaren lokarri, orainaren maisu, etorkizunerako bidaide-, eta bizitzen ari garen garai politiko honetan, inkomunikazioaren itzal luzeak elkarbizitza iluntzeko arriskua bizi dugunean, garrantzitsua iruditzen zait Mitxelenaren pentsamendua plazaratzea, eta ez, hain zuzen, liskarra hauspotzeko, elkarbizitzari buruzko eztabaidak behar-beharrezkoa duen zentzuzko ikuspuntu garrantzitsu bat -Koldo Mitxelenarena- ezagutarazteko: hain zuzen ere, oraindik euskal gizarteak eskain dezakeen zehatzen eta sakonena, ezbairik gabe eta ideologiak ideologia. Elkarbizitzak bultzatuta ikusten zuen hain garbi eta hain hil edo biziko euskara batuaren premia, eta, garaiko liskarren gaindi, denborak garbi erakutsi du batuak, hizkuntza bera modernizatzeaz gainera, batu egin gaituela euskaldunok. Euskara baturik gabe, ez gaurko euskara ez gaurko Euskal Herria ez ziren diren bezalakoak izango. Tamalez, herri honek kitatu gabe du zor hori Mitxelenarekin eta, bide batez eta tamalgarriagoa dena, baita bere buruarekin ere». ANJEL LERTXUNDI

Etxepare porno

Euskal kultur gunea Interneten eta teknologia berrietan aztertzen da liburu honetan. Zein den egoera eta zein erronka nagusiak. Ez da, ordea, ohiko esku-liburu bat, erreportaje bizia baizik, adibide praktikoez, umore gaziz, ironiaz eta xehetasun xume baina garrantzitsuz betea.

Lehorreko koadernoa

Idazle batek botila bat aurkitu du Zarauzko hondartzan. Botila barruan paper bat dago eta bertan marrazturik mapa bat. Misteriozko nobela gisa irakur daiteke Lertxundiren liburua, botilaren eta barruan dagoen mezuaren misterioa askatzen saiatuko baita, baina badu beste irakurketa bat ere: literatur gozamenerako sarbide ere bai baita liburua. Maisuki darabiltza Lertxundik tramaren hariak eta nagusiek eta gazteek jakin-minez irakurtzen duten liburua da Lehorreko koadernoa.

Telefono kaiolatua

Bai telefonoek eta bai ispiluek desasosegua sortzen digute. Amesgaiztoetan sarri agertzen zaizkigu. Ezinegona sortzen digute, lo egiteko pastilak hartzera behartzen gaituzte. Sosegurik eza agertzen da kontakizun hauetan. Telefono-kabina baten bila aritu, eta, bat aurkitu orduko, telefono-haria moztuta dagoela ohartzen denaren sosegurik eza. Telefono-kabina zepo hilgarritzat, zerraldotzat sentitzen duenarena. Esan dezagun telefonoa giderretik duenak mundua duela mendean. Esan dezagun, hamairu ipuinetan, Harkaitz Cano bezalako idazle gazte baina eskarmentudunak jenero beltza nahasten duela absurduarekin eta surrealismoarekin. Esan dezagun telefono kaiolatu batez ari garela. Bai, esan?

Jeans-ak hozkailuan

Rakel banatzeko zorian dago. Orain arteko harremana urrunetik ikusteko beharra sentitzen du, ihesi alde egitekoa, nahi bada, eta EEBBetara joatea erabaki du, bidaia antolatu batean, beste 13 lagunekin furgoneta batean sartuta, New Yorketik San Frantziskoraino. Gauzak urrunetik ikusteko beharrak barrenak hustutzekoa ekarri dio, eta eguneroko bat idaztea erabaki du. Furgoneta barruan, ordea, bidaiak aurrera egin ahala, harremanak sortzen dira. Furgonetan ezer ez da dirudiena, jendeak ere bere hutsuneak ditu, eta norberaren izaerak besteenarekin egiten du talka. 14 pertsona elkarren deskubrimenduan ari dira etengabe bidaian zehar. Road movie bat baino zerbait gehiago da Zubizarretaren nobela; bidaiaren gorabeherekin batera, Rakelen baitako bilakaera eskaintzen da, zatika, irakurleak puzzlea osa dezan. Rakelen begirada da nagusi, bestela: oso estilo beroa, xaloa, eguneroko xehetasunei erreparatzen diena, amodio hutsunea betetzeko amodioa behar duena.