Karlos Zabala
Itzultzailea eta idazlea. Euskal Filologia ikasi zuen, eta Itzulpengintzan masterra burutu zuen EHUn. Itzulpengintzan eta literatur sorkuntzan erabat murgildu aurretik, dantza irakasle izan zen, txokolate fabrika batean lan egin zuen eta institutuko euskara irakasle jardun zuen. Zazpi urtez izan zen Arabako Aldizkari Ofizialeko itzultzaile.
Komikiak eta bestelako literatur lanak euskaratu ditu, horietako batzuk Literatura Unibertsala bildumarako. Birritan irabazi du Euskarazko Literatur Itzulpenaren Euskadi Saria, Émile Zolaren Parisen Sabela eta Ivo Andritxen Zubi bat Drinaren gainean nobelen itzulpenarengatik (2005ean eta 2011n, hurrenez hurren). Halaber, Zabalak itzulitako Mikel Strogoff, Jules Vernerena, Literatura Unibertsala bildumaren Urrezko Bilduman dago.
Literatur sorkuntzako lanak ere argitaratu ditu; besteak beste, Mende akabera poesia lanarekin Irun Hiria literatur saria irabazi zuen poesiaren alorrean, eta baita haur eta gazte literaturako Lizardi saria ere Karakol txikiren ipuinak ipuin-bildumarekin.