Mattin Irigoien

«MATTIN IRIGOIEN (Ainhize-Monjolose, 1964). Gaur Arberatzen bizi da (Baxenabarren). Antzerkiko lehen urratsak duela 25 urte egin zituen Hiruak Bat antzerki taldean, Guillaume bere anaiaren obrak antzezten zituztela Antton Luku eta adiskide multzo batekin. 1991n, Bethi gibelekoz aitzina izeneko tobera muntatu zuen. Hura izan zuen lehen urratsa antzerki idazten eta zuzentzen. Ondotik beste toberarik eginen zuen, 1999an Ahuntzek Euskal herrian bizi nahi duterekin bezala. Antzerki laburrak ere egin ditu, adibidez Bai uste eta ez izan. 1996an, Toribio Altzaga saria irabazi zuen Oztibarreko antzerki taldeak ondoko urteetan emanen zuen Hautsi da kristala antzerkiarekin.

Ikastolen mugimenduan urte zenbait murgildua egonik, berriz lotu zen zuzendaritza lanari 2004an West ibarre side story ikusgarria idatzi eta Iñaki Etxelekurekin batera zuzentzen zuela. Ondotik Amikuze eskualdean Kitzikazank antzerki taldea sortu zuen gazte multxo batekin eta 2006tik aitzina bere obrak beraiekin plazaratzen ditu: Gaztetasunak erabiltzen nau (2006), Loreak mendian, ondarkinak lurpean eta bideak gainean (2008) eta azken bi negutan Donibane Garazin egin lanaren haritik, Libertimendua deitu Baxenabarreko ihauteria berpiztu dute Donapaleun, Burgaintzi dantza taldea eta eskualdeko bertsulari gazteekin.

Hori guzia afizioz, zeren eta ofizioz laborarien formakuntza jarraikiko elkarte batean lan egiten baitu.»