Hamaika kontakizun labur biltzen ditu esku artean duzun liburuak, denak ere saiakera literarioaren eta autobiografiaren artean daudenak, 1944ko udazkenetik 1962ko udara bitartean lehen pertsonan idatziak, bi partetan antolatuak ordena kronologikoari jarraitu gabe, narrazio autobiografikoak lehen partean eta saiakera literarioak bigarrenean.
Edertasun inarroslea darien kontakizunotan, bizi-ibilbidean egokitu zitzaizkionak hizpide, gogoeta zorrotza eskaintzen dio irakurleari, bere barneko kontuak agerian utziz. Liburu honetan, eskura du irakurleak naziek kartzelan senarra erail ondoren Nataliak idatzi zuen lehen testua, «Negua Abruzzon». Senarraren erailketa presente dago, baita ere, «Zapata urratuak» eta «Gizakiaren umea» kontakizunetan, gerra ondoko hondamendi sozial eta pertsonalarekin batera. Cesare Pavese adiskide eta Einaudiko lankidearen suizidioaren aztarnatik dator «Lagun baten erretratua», eta «Bera eta ni» kontakizunean, Gabriele Baldini bere bigarren senarrarekiko amodioaren sorreraz dihardu. 1959tik 1962ra arte Ingalaterran Baldinirekin izandako egonaldiaren fruitu dira Ingalaterrari eskainitako bi kapituluak: «Ingalaterraren gorazarrea eta arrangura» eta «La Maison Volpé».
Bigarren zatiko lau testuetan «Bertute txikiak» izenekoa da horietako bat, gizarte eta komunitateari erasaten dieten gai edo auzi betierekoei heltzen die Ginzburgek: gerrak suntsitutako belaunaldiarekiko kezka, arimaren gaitzak, isiltasuna, egoismoa, erantzukizuna, errua, eta, jakina, familia, bere lanbidea, klase soziala, dirua, hizkuntzaren eta hezkuntzaren garrantzia, seme-alaben hazkuntza eta zaintza, amatasuna eta idazketa bateratzeko oztopoa, emakume izateak baldintzatutako bizitza, «bertute handien» gorazarrea eta, finean, errukia zer den ikasteko arorik aro kateatzen den giza bizitzan ibili beharreko bidea.
Manuel txikia Extremaduratik etorri da Euskal Herrira. Baina Manuel ez da oporretan etorri, Larrañetako kuartelera baizik, aita guardia zibila duelako. Eta Manuel txikiak bere egonaldiaren berri emango digu: kuarteleko bakardadea eta pikondoko txabola, Ebaren adiskitasuna eta Keparen gorrotoa eta, azkenean, basurdeak eta errealitate belgurgarri eta burrunbatsua
Hona hemen haurrek ere irakur dezaketen ipuina, 8-88 urte bitarteko irakurleentzako istorio hunkigarri eta zirraragarria, agian gure inguruari eta gure albokoari desberdin begiratzen lagunduko diguna.
Ama izateak zer esan nahi duen galdegiten hasi nintzaion neure buruari haurdun nengoela jakin orduko. Eta haren atzetik etorri zen galdera-sorta ez da gaur-gaurkoz oraindik gelditu. Emakumea noiz amatzen den itaunka jardun izan dut sarritan. Baita amatzeak balizko esanahi unibertsala ote zuen beldurrez igaro ere erditu aurretiko zein ondorengo hilabete luze asko.
Ama bihurtzeak homogeneizatzen omen zaitu, eta horren ikarak eragindako aseezintasunak sortutako liburua da hau. Lehen begiratuan amagai batek bere baitara bilduta bizitako hausnarketaren emaitza dirudien honek, egungo gizarteak ama den edo izango den emakumearengan duen eragina azaleratzen du, betiere gogoetak egiazkoak baina ez nahitaez egia absolutua direla nabarmenduz.
Amez dihardute, nondik edo handik, liburu hau osatzen duten hogeita bat narrazioek. Amei buruz, alegia. Baina baita ama izateko edo ez izateko asmo eta pultsioez. Edo ama izateko edo ez izateko modu askotarikoez, kontraesankorrez. Eta ama izateak edo ez izateak berekin dakarrenaz, edo berekin daramanaz, kasu batean zein bestean akaso betiko
Horietaz guztietaz dihardute Goiatz Labandibarren narrazio indartsuok. Eta baita ere, jakina, amaren estatusa ematen duten seme-alabez, eta haiekiko harreman eta kontraesanez.
Emakumeen bizimodua (ez emakumearena, ez inolako arketipoarena) dute ardatz nagusi kontakizunok, eta ama izatea edo ez izatea gune-guneko bizikizun bihurtzen den une horri begiratzen diote bereziki.
Askotarikoak dira, era berean, erregistroak. Ironiatsu doaz ale batzuk, kronika kutsukoak dira beste zenbait, ez dira bakanak gogoetan edota emakume zein garai zehatzen historian murgiltzen direnak
Guztiek dute, baina, literatur asmo bat eta bera: pertsonaien kontzientzian arakatzea, eta irakurlea eramatea haien ekintza eta jokabideen arrazoibideetan barrena, jakin-minaren eskutik. Eta helburua lortzen dute, zinez.
Greg Heffley gero eta itoago sentitzen da. Amak esaten dio horrela jarraituz gero bideo-jokoek burmuina lehortuko diotela, eta hobe lukeela kontsola alde batera utzi eta bere alde sortzailea esploratu. Hori berez nahiko txarra ez balitz bezala, Halloween eguna gainean da, eta ustekabeek alde guztietatik erasotzen diote Greg gizajoari.
Zizare itxurako gomazko gozokiz beteriko poltsa bat aurkitzen duenean, baina, ideia bat bururatzen zaio. Zizare horiekin beldurrezko pelikula bat egiten badu, ama gainetik kentzeaz gainera, bera aberats eta ospetsu bihurtuko da! Dena ala ezer ez da orain kontua: edo ondo ateratzen zaio jokaldia edo bereak egin du!
Munduan askok bezala, cool edo exotikoa edo erotikoa zitzaiolako, 2015ean Chiarak euskara ikasteari ekin zion Boloniako unibertsitateko Lingua e cultura baska departamentuan. Geroago, 2108an, lau asterako Hendaiara etorri zen, Euskal Herrira bere antzera etorritako euskalariei buruzko lan bat egitera. Julien Vinson (1843-1926) Chiarak zerrendan zuen izenetako bat zen: heterodoxoa, gorria, darwinista, euskararen heriotzaren iragarlea; ausarta ere bazen eta parte hartu zuen, Baionan, 1875eko martxoaren 29an egin zuten globo hegaldian. Bidaia gorabeheratsua suertatu zen eta Iruñean izan zuen nola-halako akabera, hain zuzen ere hiriburua karlistek setiatua zuten garai nahasian. Globozaleak susmagarriak gertatu ziren iruindarren artean Cabrera jeneral karlistaren bake mezularitzat jo zituzten, eta Saturno aerostatoaren helburua bera ere zalantzazkoa iruditu zitzaion Chiarari. Hala bada, bere asmo akademiko eta sentimentalak kasik detektibeskoak bilakatu ziren, zenbaitetan bertigoa eragiteraino.
Julien Vinsonen hegaldia nobelak badu poesiatik globo bat hegan poema bisual baten antzekoa da, badu narratibatik eta historiatik zein izan zen bidaiarien benetako helburua?, badu folkloretik denon baitan bizitza lokartu bat dago, besteak beste ipuin tradizionalen bitartez esna dezakeguna, badu linguistikatik hizkuntza bat ikasteak bi aldiz bizitzeko aukera eskaintzen du: beharbada horregaxetik izan ziren hain ugariak orduko bascologue edo euskalariak. Simetrietan eta paralelismoetan aurrera, ipuinak eta garaiak txirikordatuz, hemen daukazu Saturno aerostatoa, zu igotzeko, goratzeko eta aireratzeko prest.
Ikusi ote zenuen hil aurretik zure bizitza begien aurrean pasatzen? Protagonista ote nintzen ni, irudi horietakoren batean? Zein izan zen zure azken pentsamendua? Ni maitatzera iritsi ote zinen inoiz? Norentzat ziren lore haiek?
Urte bete luze da Martin hil zela, eta Aliziak etengabe ari da bere buruari galdezka, mutil lagun zuenaren oroitzapenak torturatuta. Hogeita zortzi urte doi-doi, eta alargun, baina bere doluminaren ertzean bikotekide berri bat du zain, eta aspaldian lagun min izan zuen neska hura ere bai, eta ama absente baten mamua
Eleberri honek bere bizitza berreraiki nahi duen emakume baten historia kontatzen du, eta nola bilatzen dituen emakume horrek bere iraganaren sakonean zoriontsu ez izatearen arrazoiak: desioaren sorrerak markaturiko nerabezaroa; gorputz propioa onesteko zailtasuna eta lehen maitasunaren zauriak, eta lehen desengainuarenak.
Urko ez da galtzaile peto bat, baina ozta-ozta gogoratzen da noiz gozatu zuen azken garaipena. Ikerlari izan nahi luke, baina gazte garaiko aurrekari penalek bidea ixten diote. Nola edo hala aurrera ateratzen du bizimodua, ikertzaile azpikontratatu baten morroi gisa, aitak maiz leporatzen dizkionak saihesten saiatzen den bitartean.
Nadiari gaztaroa lapurtu zioten, bere jaioterrian bertan aurrenik, bizitza berri baten bila ihesbide zuen urruneko lurralde batean gero. Partida pobrea jokatzeko karta eskasak banatu dizkio bizitzak, eta, jakina denez, zaila da karta eskasekin jokaldi onik egitea
Iruñeko kale aberatsetan eta aldiri ez hain dotoreetan, astebeteko tartean, Urkori egindako enkargu bereziak eragingo duen xake-partida tragiko bat jokatuko da, eta biak, Urko eta Nadia, izanen dira, aldi berean, jokalari eta pieza. Eta, xakean, bizitzan bezala, ezin-bestekoa da aukera egitea