Maisu berria

Grigor, haur guztiak bezala, mundua miatzen dabil, zer topatuko. Lagun ezin hobeak aurkitzen ditu bidean, eta, guztien gainetik, erlea du bidelagun eta adiskide zintzo

Mirri eta biok

Uste ustel batek zeharkatzen du Euskal Herria alderik alde: Jose Ignazio Ansorena musikari ospetsua eta Mirri pailazo are ezagunagoa pertsona bat direlako uste ustela, alegia. Egia da elkarrenganako lotura estua dutela euskal pertsonaia biok, baina hortik pertsona bat bera direla esatera koska handia dago. Siamesak ere ez dira Ansorena eta Mirri, siamesen arteko harremana eta dependentzia simetrikoa baita. Ansorena, Mirri gabe ere, nor litzateke gurean: idazle, pentsalari, txistulari, Piter. Hori bai, Mirri gabe ez litzateke den bezain Ansorena, Mirri ere badelako eusten dio Ansorenak Mirriri. Mirrirena beste kontu bat da, Ansorena gabe deus ere ez litzatekeelako Mirri. Hargatik gorrotatzen du Mirrik Ansorena -Anxorena esaten dio berak- maite duen indar ber-beraz. Zehaztasun eta ironia fin-finez, euskal pailazo antonomasikoen historia kontatzen digu Ansorenak liburu honetan, Kixki, Mixki eta Kaxkamelon zireneko garaian hasi eta gaur artekoa. Mirrik, berriz, bere iruzkin potolo gordinak tartekatu ditu han-hemenka, harira etorri zein ez. Euskal pailazo antonomasikoen historia dutelarik hari, belaunaldi eta garai baten kronika bikaina osatu dute Ansorenak eta Mirrik. Egin behar zena egiteko baldintza objektiborik ez bide zenean ere dena delako hori egiten ohitutako belaunaldi inkontziente, ausart eta kementsu baten kronika libertigarri bezain jakingarria.

Globalizazioaren adarrak

Ahotsak eta mintzabideak itxuragabe ugaritu -eta ugaritzen- dira, itxura batean, informazioarena omen den gizarte honetan. Orotariko mintzabideen bidez mintzo zaizkigun orotariko ahots horiek gehienak, ordea, Diskurtso Bakarra osatzen dute, nota bakarreko polifonia sasikoan. Ideologien eta Historiaren beraren akabera aldarrikatzen digu, adibidez, Diskurtso Bakar horrek, bere buruaz liluratutako orainaldi zoriontsu batean kokaturik. Arretaz entzun eta irakurriz gero, ordea, Diskurtso Bakarraren lerroarteetan bertan atzeman daitezke orainaldi eternal horren kontraesanak, eta orainaldi birtual zoriontsu honen miseriak, eta zoriontasun sasiko horretan lekurik ez duten miserableen ahots isilaraziak: Seattle, Berlin, Praga, Miarritz… Aitor Zuberogoitiak, arreta Diskurtsoaren lerroarteetara emanik, Diskurtso Bakarrak betiko isilarazi nahi lituzkeen ahots horiei eman die ahotsa. Chinook-jendea harturik ahotsgabeko guztien metaforatzat.

Jose Elorrieta: sindikalismoaren berri onak

Sortu zireneko gizarte moduko ahulenei -langile jendeari, alegia- babes egiteko sortu ziren sindikatuak. Gizarte modu horrek iraun bitartean, egokiro bete dute sindikatuek beren egiteko nagusi hori. Mendebaldeko herrialde garatuei dagokienez, ordea, gauzak errotik aldatu dira XX. mende hondarretik aurrera. Zenbaiten ustez, egoera berri horretan deus ere ez da lehen bezalakoa: ez lan-harremanak, ez zapalkuntza moduak, ez ahulen zerrenda ere. Gauzak horrela, ez dira gutxi gizarte modu horretan sindikatuek egiteko garbirik ez dutela uste dutenak, ahulen babes izateari utzi eta pribilegiatuen klub halako zerbait bilakatu direla sindikatuak. Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusiak ere ikusten du arrisku hori, ikusten du sindikatuek etengabe zaharberritu behar dutela beren burua, gizarte modu berrian sortzen diren desberdintasunei eta zapalkuntza modu berriei aurre egin ahal izateko. Sindikalismo zaharberrituarena, ordea, sortu zeneko xedea bete ahal izateko -gizarteko ahulenen babes izaten segitzeko, alegia-, bere filosofia, egiturak eta jardunbideak etengabe egokitzen diharduen Sindikalismo Berria.

Hire magalean

ANTONIO M. LABAIEN SARIA 2001 Fisikoki urrun, baina sentimendu aldetik hurbil daude liburu honetako pertsonaiak. Zalantzaren arragotik igaroaraziak dirudite, kezkaren labean egosiak. Gorpuztera heldu ez zen maitasun istorio bat du oinarrian, baina gutun bidezko narrazio honetan bizitzari eta heriotzari buruzko gogoeta ageri da nagusi. Filosofia edo erlijioa, gizakiaren amaiera eta amaiera arteko bizimodua. Kutsu moralistarik gabe, ordea, amaiera itxirik gabe, irakurle bakoitzak ondorioak ateratzeko moduan, baina ikuspegi humanista batetik beti ere.

Egurra pinotxori

Hotel batean gerlari misteriotsu batekin topo egiten duen irakaslea; hondartza ezezagun batean esnatzen den amnesikoa; maitasun istorio bitxi bat bizi duten bi pertsona heldu; guztien heroia den futbolaria, Humberto Rojas aurrelaria; hilezkortasunari buruz galdezka bizi diren pintorea eta idazlea; sexua lortzeko edozertarako gai den mutiko gaztea; bizitza gris betiberdin bat bizi duen komisarioa; alargun eder bat… pertsonaia asko gurutzatzen dira hiri berezi honetan. Bata bestearen gainean pilatu dituzte eraikuntzak. Lehen ez zegoen ezer. Orain, egitura erraldoi bat nagusitzen da ordokian: La Torre izeneko hiria. Istorio txikiz osatzen dira kaleak, istorio ezberdinak, baina bakarra osatzen dutenak. Itsasertzean biltzen da kosmos liluragarri hau. Abenidetan topo egiten duten pertsona hauek zerbait uzten dute atzean. Pixkanaka desagertzen doaz, baina beste pertsonengan zerbait utzi eta gero. Era honetan, euren nortasunak nahasten dira, eta, etxera itzultzean, beste irudi bat topatzen dute ispiluan.

Txanponaren bi aldeak

Diskurtso guztien azpitik eta printzipio guztien gainetik, halaxe dabil ekonomia gaur egungo munduan. Gaurko mundu globalizatu honetan inoiz ez bezalako zentraltasuna hartu du jarduera ekonomikoak. Aldi berean, jarduera ekonomikoaz arduratzen den zientziak ere gainezka egin du bere alorreko mugez gaindi, gainerako alor guztietara hedaturik. Hedabideek ere sekulako arreta ematen diete kontu ekonomikoei. Bertan erabiltzen diren hitzak, behin eta berriz entzunik, mundu guztiak ezagutzen ditu. Ulertu, ordea, gutxi batzuek baino ez. Irakurtzen eta idazten badakigu, bai, baina analfabeto funtzionalak gara, ez baikara gai gure gizartearen funtsezko prozesuei buruzko diskurtsoa ulertu eta interpretatzeko. Iñaki Herasen liburu hau lagungarri izango zaio ekonomiaren mundu gero eta korapilatsuago hori ulertzen interesik duen edonori. Eta nola ez izan interesik gure ongizatean horren begi-bistako eragina duten gorabeheretan? Hori da liburu honen alderik agerikoena: ekonomiaren eskuliburu egoki eta eguneratua izatea. Baina, txanponak bezala, liburu honek ere bi alde ditu, ez baita mugatzen kontzeptu, joera eta eskola nagusien azalpenera. Azalpenekin batera, hausnarketa propio eta kritiko bikaina eskaintzen digu Iñaki Herasek.

La semilla vieja y otros cuentos

‘Dos cosas esenciales destacan en la cuentística de Martín de Ugalde: de un lado, una voluntad férrea, una pasión ilimitada por integrarse, por fundirse, por hacerse él mismo carne y sangre, gozo y agonía de las tierras y de las gentes venezolanas; del otro, un terco deseo de dejar testimonio, de convertirse en fiero e insobornable intérprete de algo que bien podría considerarse como una nueva clase social en Venezuela: los inmigrantes. Lo primero se patentiza en su afán de conocimiento de tierras y gentes, y, sobre todo, en su pasión por adoptar los giros expresivos más genuinos, más arraigadamente criollos de esas gentes; lo segundo, en esa especie de amor rabioso que tiene Ugalde por las criaturas llegadas de otras tierras, desplazadas, desarraigadas, desheredadas de la fortuna’. PLÁ Y BELTRÁN El Independiente, 1959

Jendaurrean hizlari

Gaur egun ez dago lanbiderik, noiz edo noiz jendaurrean hitz egitera behartzen ez gaituenik. Lanetik kanpo ere, asko eta askotarikoak dira egokitzen zaizkigun komunikazio egoerak: dela prentsaurreko bat eman behar dugula, edo eskualdeko aldizkarirako artikulu bat idatzi, edo gurasoen batzarra gidatu, edo lagun baten ezkontzan hitz batzuk esan…

Komunikazio egoera horietako edozeini aurre egiteko prozedura jakin bat proposatzen dizut hemen: zer egin behar duzun eta zer ez, nondik hasi eta nola jarraitu, nola antolatu, zeri arreta eman eta zeri ez… Aurren-aurrena, testu egoki-indartsuak sortzeko moduak lantzen dira liburuan; gero, ahotsari eta gorputzari dagozkion alderdiak. Den-dena, ordea, prozedura bakar baten ikuspegitik.

Komunikazioaren oinarrizko mapa halako bat izan nahi luke liburu honek. Alde horretatik, uste dut ondo etorriko zaizula komunikazioaren lurraldean zeure kaxa egin beharko duzun amaigabeko bidean orientazioa gal ez dezazun.

Ez dizut beraz formula magikorik eskaintzen. Lana latz egitea, horixe da komunikazioan trebatzeko formula bakarra. Zorionez, ordea, komunikazio kontuetan ezin bereizizkoak dira lana eta plazerra. Komunikazioaz gozatzea da komunikazioa lantzeko modu bakarra. Komunikazioaz gozatzeko, aldiz, komunikazioa landu beste biderik ez dago.

Azken anaia

Bere bizitzaren ilunabarrean, haurtzaroko gertakari batez gogoratu da Raj. Burdin goriz markatu duen gertakari bat da, Primo Levik aipatzen duen harako “gizaki izatearen lotsaz” mintzo dena. Ametsetan agertu zaio David Raj zaharrari, eta hori dela-eta gogoa 30eko urteetara joan zaio, Mapoura, Maurizio uhartean. Gogoratu ditu hango kanabera sailak, aitaren bortxa, amaren samurtasuna, ibai ondoko jolasak, eguzki distiratsua, euri jasak. Zoriontasun bareko urteak dira, ekaitz batek bat-batean hausten dituena Rajen bi anaia galdu egiten direlako, lohi-uharrean itoak. Zoritxarretik ihesi doa familia hirira, eta han kartzelan hasi da lanean aita. Kartzela horretan, iheslari misteriotsu batzuk daude baina.

1940ko abenduan, L’Atlantic izeneko itsasontzia iritsi da Port-Louisera. Barruan 1500 judu daude, Palestinan sartzen utzi ez, eta Maurizio uhartera deportatu dituztenak. Garai hartan, Rajek ez zekien gauza handirik munduaz, eta gertatzen ari zen tragediaz. Hamar urte zituen. Jakin-minak eraman zuen kartzela inguratzen zuen basora jolasera. Basoko bere ezkutalekutik ikusi du David, espetxeko patioan. Une hartan erabaki du bere laguna izango dela.

Liburu honek hunkitu egingo zaitu esaldi bakoitzarekin.