Nathan eta Tom osaba-ilobak dira. Osaba dibortziatuta dago eta bizitzan gorabehera franko bizi izan eta gero, ezertan askorik sinesten ez duela, biriketako minbiziaren putzutik burua ateratzen aurkitzen dugu bere haurtzaroko Brooklynen. Bakarrik. Iloba, berriz, ikasle garaian oso gora igo behar zuela ematen zuena, behera-behar geldiezin batean dago. Bakarrik hau ere. Brooklynen, halabeharrez. Hirukotea osatzen duena, Harry, iragan iluneko arte faltsutzaile izandakoa da, eta, gaur egun, Tomen ugazaba, bigarren eskuko liburu-denda batean. Hiru hari nagusi horiekin zutean, eta zeharka sartzen diren hainbat eta hainbat pertsonaia eta kontakizun gogoan erraz gelditzen direnekin osatzen du Paul Auster-ek tapiz bizi eta ero hau.
Eleberri distiratsua da Brooklyngo erokeriak (Auster-en lehen lan euskaratua), etsipena maitasun bihurtzen dakiena, argia, bizkorra, barre-eragile sotila; gauzatzen diren eta zapuzten diren ametsen gainean diharduena.
Euskal klasikoak orain arte alderdi filologikotik aztertuak izan dira orohar. Ez direlako aketsak bilduma literaturaren ikuspegitik osatua da. Bertan aurkituko ditu irakurleak Juan Inazio Iztuetaren zati narratiboak eta pasadizoak ipuin modura irakurtzeko moduan. Inazio Mujikak euskara batuan jarri eta prestatu du edizioa. Sail berri baten lehen alea da hau.
Enarek etxe hegaletan egiten omen dituzte beren habiak, bertako ipuinak hobeto entzuteko. Ipuin honetako enarak istriputxo bat izan du Bidai Handirako prestaketan ari zela, eta Estebek zaindu du. Esteberen etxe hegalean paratu eta bertan gertatzen zenaren lekuko izan da. Baina, ai! enarek urtero egin behar duten Bidaia Luzerako grina handiegia izaki, Esteberen gorabeherak konpondu gabetan, aldegin behar izan du. Bidaian doala, hainbat txoriri eskatuko dio Euskal Herrian triste utzi zuen Estebe adiskidearen berri eman diezaioten, harik eta hurrengo urtean bueltatu eta bi lagunak elkartu diren arte
Kutsidazu bidea, Ixabel, euskaldun berriaren epopeia arrakastatsua idatzi ondoren, hizkuntzarekin jolasean aritzea bururatu zaio Joxean Sagastizabali. 500 sarrera baino gehiago agertzen dira liburuan. Lotsarik gabe poesiatzat saltzeko moduko puskarik bada hiztegi honetan. Aforismo modukorik ere bai. Komiki tankerakoak ez gutxi. Antzerki-esketxak, ipuin-pasadizoak, elezahar tankerakoak
Bestalde, atal bakoitzak igarkizun baten tankera hartzen du. Baina ororen gainetik, behin baino gehiagotan irribarrea sorrarazten duen liburua da Sagastizabalena.
Skvorecky txekiarrak erretratatzen digun munduan, inoiz baino otsoagoa zen gizakia hurkoarentzat; zer esanik ez hurkoa judua izanez gero
Ez gaude, alabaina, Holokaustoaren aurkako auskalogarren alegatoaren aurrean. Pertsonaia, egoera eta bizipen gurutzatuez ehunduriko narrazio-bilduma hunkigarri bezain ironiazkoa dugu Mundu mingotsa, haur baten begirada zorrotzari helduaren etsipen burlaizezkoa eransterakoan maisutza itzela erakusten duen kontalari batek ondua.
Ikasketa-prozesu baten lekuko egiten gaitu Koaderno Handiak. Pertsonaia nagusien, bi anaia
bikien, ikasketa-prozesua da. Hirurogeita bi atal laburretan zehar, zer ez digute kontatzen. Eta
nola. Liburuak jakin-mina pizten du. Erakarri eta berarekin eramaten du irakurlea liluraturik.
Edonor harritzen baitu horrelako gertaera lazgarriak hain xalo kontaturik entzuteak. Xalotasunaire
hori lortzeko, Agota Kristofek haurren idaztankera antzeratzen du.
Irakurketa amaitu eta gero, liburua itxi eta gogoetatsu geratuko gara, irria ezpainetan
eta galderaren bat buruan jauzika. Gaiztoak eta ankerrak al dira? Zer da Ongia?; zer Gaizkia?
Non ditu Etikak mugak? Nork du munstro-izaera, mutikoek ala inguruan duten gizarteak?
Besteaz gabetua izan den baten erraietako garrasia ote da Koadernoa? Umore beltz
ederrez zipriztinduriko garrasia betiere. Liburu apala, xumea; eta, bere xumean, sakon ere.
Liburu hau deskubrimentu bat da. Juan Bautista Agirre sermoilaria ipuin-kontalari bihurtu da, Arpoi baten eran izeneko liburuari esker. Bere sermoietan, noiz edo noiz, eta bizitza bertutetsua edo ezaina zein zen adierateko hainbat pasarte edo ipuin baliatu zituen. Horiek dira liburuan datozenak. Antzinateko idazle klasikoen kontakizunak, kristau autoreenak, herri ipuinak, Bibliako parabola eta narrazioak, bere aitorle esperientziatik ateratako pasarteak
Irakurleak gozamena segurua du Asteasuko Agirreren kontatzeko moduarekin, eta, gainera, garai hartako gizartea ulertzeko bide bat zabalduko zaio liburua irakurtzean, ikusirik, zein eratako kontakizunek izuarazten zuen, eta zeinek barreazala sortarazten zion orduko euskaldunari. Testu guztiak euskara batuan jarrita daude.
Antonen familia, zorretatik ihes eginik, beste hiri batean bizi diren senideengana joaten da bizitzera. Etxeko baratzea ikusita, Antonen aitari diru etekinak eman ditzakeen nekazaritza intentsiborako asmo bat bururatzen zaio, baina azkenean gaizki ateratzen zaio. Egoera ekonomiko larria zuzentzeko bidea, ordea, Antonen proiektu bitxietatik etorriko da. Azken batean, liburu honetan, ikuspegi futurista batetik, erabat desberdinak diren bi bizimoduren arteko desoreka azaltzen da, umorea eta ironia baliatuz.
Joyceren lehen maisu-lana da Dublindarrak. Ez da ipuin-bilduma soila, hamabost ipuin soltez osatua; batasuna duen liburua baizik. Ipuinak ez dira hiriko estanpa edo hiritarren karikatura batzuk: azaleko itxuraren atzean karga osagarri eta aberasgarri da. Batek beste baten oihartzun egiten du. Hasieratik amaieraraino irakurri eta gero, nabarmen ageri dira liburuaren osotasuna eta zatiek elkarrekin duten harremana. Ordena kronologiko bat ere jarraitzen dute kontakizunek: haurtzaroko istorioak, nerabezarokoak, helduarokoak eta Dublingo bizitza publikokoak.
Dublindarrak liburuan dago Hiria, kontakizunen euskarri eta magal, bere izen propio eta guzti. Eta, hirian, hiritarrak, horiek ere beren izen propioekin. Gizarte oso bat. Hain zuzen ere, Joycek salatu nahi zuen gizarte indargabetu, paralizatu eta ohiturei lotu huraxe. Joycek jende arrunt horren egunerokotasunaren akta jasotzen du ahalik eta objektibotasun handienaz, berak ikusten duen bezala, eta haien jokabidearen juzkurik egin gabe.
Irene Aldasorok Euskadi Saria jaso zuen 2000n, liburu honen itzulpenagatik
Hegoaldea esaten da, baina zenbat hegoalde ez ote dago, Italian bezala, munduko hainbat bazterretan eta gutariko bakoitzaren baitan. Turinen jaioa, medikua ikasketaz, pinturaz eta literaturaz interesatua, ez zirudien Levi zenik egokiena hegoaldeko nekazarien arazoak aztertu eta ulertzeko. Lucanian deserriraturik egin zuen urtebeteak liburu honetarako ernemuina eskaini zion, ordea.