Euriaren eskuak

Hirugarren poesia liburua du Linazasorok Euriaren eskuak izenekoa. Poesia biluzia egin nahi izan du oraingo honetan. Maitasuna eta heriotzaren kontzientzia, hogeita hamar poema ia errezo gisa antolaturik.

Mari-Marietta

Ipuin klasikoen elementu asko biltzen dira liburu honetan: gizon ezezagun bat, ofizioz bibolinjole, galtzerdiak eta beste galtzen dituena, arropa sokatik erorita. Mundua ezagutzen du, izaeraz sentibera da eta ipuin asko dakizki, hor-hemen entzundakoak. Neskatila bat ere bada, bibolinjolearekin liluratuta, etxeko atezainaren alaba, amaren etxean bizi dena. Neskatila dena berria egiten den adin horretakoa izaki, begiak bete argi ditu kanpotik datorkiona harrapatzeko. Ipuinetan ageri zaigun unibertsoa oso berezia da. Emakumeekiko lilura ageri da, emakumeek beren errealitate propioa beren ahoz islatzeko beharra aldarrikatzen da. Pertsonaia nagusiak bizi duena bidaia iniziatikoa da. Arazoz betetako bidaia. Pertsonaiaren psikologian sartzeko ahalegin berezia egin du autoreak.

Korte bat, mesedez

Euskadi Irratiko langilea da Maddi Gaztelu, narrazio honen proragonista. Han-hemenkako prentsaurrekoetan esandakoak jaso eta irratiratzea da bere lana. Ez da dirudien bezain erraza: prentsaurreko asko eta askotan ez diote eskaintzen euskarazko hitzik. Gauzak horrela, sekulakoak eta bi asmatu behar izaten ditu Maddik euskarazko hitzak jasotzeko, irratiko bere nagusia, Mikel, asetzeko moduko korteak osatzeko. Asko eta askotarikoak dira euskarazko korteak lortzeko Maddik darabiltzan estrategiak. Ekitaldiaren arduradunei gogor aurre giten die, batzuetan. Beste batzuetan, berriz, txantxa gisako bidea aukeratuko du, barruaren lasaigarri. Kazetari lankideetan, hala ere, badu konplizerik. Euskadi Irratiko langilea da Goizalde Landabaso, narrazio honen egilea. Maddik liburu honetan kontatzen dizkigun pasadizoek Goizalderi gertatutakoetan dute oinarri. Kortea lortu beharrak sortzen duen paranoia ere Goizalderengandik datorkio Maddiri. Errealitatearen argazki bat da narrazio hau. Argazki guztiek bezala, islatu nahi duen errealitate horren alde jakin bat, ikuspegi jakin bat baino ez dezake eman. Bada, noski, errealitate horri berari buruzko beste ikuspegirik, Maddiren eskutik Goizalde Landabasok hemen eskaintzen duena, ordea, beste ezein bezain erreala da, bizipenetan baitu oinarri.

Atlantidara biajia

Gaur egun bidaia asko egiten da, oso denbora laburrean oso distantzia luzeak korritzen dira. Gugandik, gure inguru hurbiletik ihesi joan ohi gara askotan bidaian. Jokin Muñozen biajia, berriz, ez da bidaia. Etxauritik Castejonera doa; oinez, bai; bidea aitzakia du, ordea, hainbat iritzi, hainbat purrustada plazaratzeko. Purrustada itxurako iritzi horietan, autorearen kezkak sumatzen dira; paisaia, paisanajea, euskaltasuna, nafartasuna, historia…, ikusten duena eta aurkeztu nahi zaigunaren arteko koxka…, dena dago liburu honetan biajian doanaren begiratu hurbiletik begiratuta. Metroz metro eta gizakiz gizaki egiten du bidea Muñozek. Oinez ibiltzearen abantailak dira horiek. Bidean topatzen duen guztia solaskide zaio. Horri esker, biajia elkarrizketa ere bada, hein handi batean. Elkarrizketa-puskarik mamitsuenak, hala ere, Jokinek -edo biajantiak- bere buruarekin dituenak dira. Biajiak, bidaiak ez bezala, ez du idealizaziorako aukerarik ematen; bai, ordea, ironiarako, sarkasmorako, ziri zakarrerako.

Gogoa zubi

Lertxundik esana du, sarritan, ez lukeela egingo segurantzatik haratago ez lihoakeen literaturarik. Eta zinez bete du literatur konpromezu hori bere fikziozko lan ugarietan. Oraingo honetan, berriz, fikzioaren makulurik gabe, gogoeta biluziaren bidean barrena abiatu da. Bere jarrera etiko-estetikoaren osaketan etengabean sortzen zaizkion galderak irakurlearekin konpartitzeko ahaleginean. Ez du sekula maite izan Lertxundi idazleak gizartearen eta bizitzaren kontraesanen aurkako marfilezko dorrerik. Aitzitik, zalantzaren hondorainoko bidaia babesgabea du maiteago, historiaren ibai trumiltsua biblioteka epelaren leihotik ikustea baino.

Zinema Japoniarra, Kurosawa, Ozu, Mizoguchi eta beste

Zinema japoniarraren panoramika zabala eskaintzen digu egileak, hiru samurai ezagunenak -Ozu, Mizoguchi, Kurosawa- ardatz harturik, bai, baina haien itzal luzeak ilunduriko beste zinemagile handi eta interesgarri askoren berri emanez bidenabar.

Gauza baten ametsa

Gauza baten ametsako historia 1948-1949 urteetan gertatzen da, De Gasperiren gobernuak lur jabeen eta partzuerren arteko harremanetan justizia gehiago ezartzeko legea emanik, Italiako ipar-ekialdeko Friul eskualdeko lur jabeek lege hura bete zezaten laborariek egin behar izan zituzten huelga eta borroka luzeen garaian. Hain zuzen ere Pasolinik 1949-1950 bitartean idatzi zuen bere lehenengo eleberri argitaratua izan zuen hau, bere jaioterritzat zeukan Friuletik Erromara ia ihesian aldatu berria zela.

Artistakume baten erretratua

Dylan Thomasen bizitza eta literatura ulertzeko giltzarria da Artistakume baten erretratua. Orrialde autobiografiko hauetan ageri da Thomasen mundua bere osotasunean eta bertan bizi dira, haur edo gazte jakin-min begizabal baten jiran, haurtzaroko eta gazte garaiko pertsonaiak eta lekuak. Imajinazioa eta errealitatea nahasten dituen haurra edo gaztea da hor ageri dena. Umotzen ari den idazle-nahi bat. Umotu, bi eratara, pertsona gisa eta idazle gisa. Maitatzen, estropezu egiten, eta, haztamuka ibili ondoren, lurretik altxatzen ikasten ari den artista kume bat da orrialdeotako Dylan gaztea, heldu, beharbada sekulan erabat heldu ez zen Thomas idazle handiaren begirada umoretsu eta ironikoaren bahean irazia.

Zirkuluaren hutsmina

Modernitatearen erlijioa aldatu da; jatorrizko erromantizismotik gaur egunera etengabea izan da sekularizatze prozesua. Hortxe ikusi zen Keats poeta erromantikoak bere garaiaren eta aurrekoaren arteko etena: zerutiko mugimendu kristautik giza-agnostizismorako bidean. Sekularizatze hori gabe ezingo litzateke modernitatea ulertu; ezta bere poesia eta sentiera ere. Jatorrizko erromantizismoaren kristau fede galtze horren ondorioz, poesiari egokitu zitzaion haren muina jasotzea. Eta, harrezkero, poesiaren ahotik erlijioaz hitz egiten denean, ez dago, inondik ere, gure elizetako apaizen ortodoxiarik. Maitasunak, adiskidantzak, bizitzak, bidaiak eta erredentzioak berak beste adiera bat arras diferentea erakutsiko du poesia modernoaren orri askotan. Eta, hala ere, orri horietako asko eta asko erlijioz gainezka daude.