Ezezaguna helbide honetan eleberri arrakastatsuaren ondoren, freskotasunez eta sentiberatasunez, herabe ere hala nahi bada, aurkezten digu Kressman Taylorrek lau emakumeren eta gizaseme baten erretratua. Horietako bakoitza gizakien arteko harremanen ankerkeriaren aurrean aurkezten zaigu, maitasun erakustaldi urrien aurrean gatazkan. Bizi dituzten sentimenduen araztasuna dute kontsolamendu bakarra: maite duen gizona nola ihes egin dion ikusi du Harrietek, garretan eta zeloetan galduta; bere oroitzapenetarako baizik ez da bizi Anderea, baina une batez aldamenean bizi den neska gazte urrikariarekin bere kimerak partekatzeko itxaropena laztandu du; gazte-gaztea da Anna, aurreneko maitearen ezin ulertuen eta ezaxoalren mina bizi duena; Ellie Pearl, eta Ruppe Gittle, bizitzari naloabaiteko zentzua agian topatu diona
Bilduma ezin ederragoa esakintzen digute kontakizun orain arte ez oso ezagun hauek.
Organizazio armatu bateko kide bat, atentatu bortitz batean parte hartu eta gero, haurtzaroko adiskide baten etxera doa, gau baterako aterpe eske. Barrura egin, eta harekin batera iragan atzendua sartzen zaio adiskideari zirimola batean. Batere tremendismorik gabe, prosa sotil eta xumez jartzen gaitu Jokin Muñozek euskal gizartearen ispiluaren aurrean. Ispiluaren markoa gizarte horrek bizi duen egoera gatazkatsua, bortxa girokoa bada ere, ispiluan islatzen dena gizabanakoa da, bere arazo eta itomenekin. Adiskidetasuna, maitasuna, edo bi sentimendu horiek adierazteko ezintasuna dabil eleberrian barrena, mamu bat balitz bezala. Muñozek bere belaunaldia, hogeita hamar / berrogei urte bitartean dabilen jende multzoaren erradiografia bat atera nahi izan du, eta zinez lortu duela esan behar da.
Ez da batere ohikoa bertsolaritzaren gaia barne-ikuspegi batetik tratatzea. Kanpotik saiakera asko egin dira, baina barne-ikuspegia falta zitzaigun. Liburu honetan ikuspegi hori agertzen da. Bi bertsolari ditugu, gaur-gaurkoak, punta-puntakoak buruz buru gutunizketan. Bertsolaritzaz eta bertsolaritza ez denaz mintzo dira. Eta, gainera, era atsegin, sakon eta ezin gehiago gozagarri batean.Andoni eta Jonen arteko gutunizketa hau irakurrita, beraien jokabideak hobeto uler daitezkeelakoan gaude. Zenbaitetan kontrajarriak badirudite ere, bertsolaritzarekiko jarrera berberak, euskalgintzarekiko kezka berberak, herrigintzarekiko konpromezu berberak eragindako jokabideak dira batarena zein bestearena. Jarrera, kezka eta konpromezu horien azalpena da liburu ezohiko hau.
Euskara Batuak ia hogeita hamar urte bete ditu, Arantzazun, bere kasa oinez hasi zenetik. Garai hartan erabaki ausartak hartu ziren, lau literatura euskalkiak batzeko ahaleginetan. Hogeita hamar urte pasatu eta gero, praktikan bi euskalki aurkitzen ditugu, ez lau: Iparraldekoa eta Hegoaldekoa; bata frantsesak mende samarrean hartua, eta bestea espainolak erabat higatua. Berandu baino lehen, beharrezkoa zen lemari kolpe zuzentzaile bat eragitea. Horretara dator Euskara Batuaren ajeak izeneko liburua.
Lizardiren olertian agertzen den maitasuna oso lotua datorkigu urtaroei, hots, bizitzaren zikloari. Eternitatean sinisteak maitasunak espirituala izan behar duela derrigortu egiten du. Denbora ez da amaitzen, ez da orduan maitasun ironikorik, soilik gozamen hutsalera bideratutako mementuko maitasunik, haragiaren desira asetzea besterik nahi ez duen erlaziorik. Erotismoa, Lizardirengan, estilizatua da, analogikoa. Maitasunak eta plazer sexualak badute tokirik, hala ere, maitaleen arteko harremanek unibertsoaren harmoniaren analogiarekin bat egin behar dute. Aipatu beharrekoa da Lizardiren olertia aztertzeko autoreek aukeratu duten ikuspuntuaren originaltasuna. Hala ere, ikuspuntu horren azterketak ez ditu itsutu, Lizardiren olertia osotasunean hartu baitute. Lizardiri buruzko liburu honek aurretik atera direnen osagarri izan nahi du.
Liburu honetan poetak leku asko bisitatu ditu argiaren bila, batzuetan, bere buruaren bila edo maite duenaren bila, besteetan. Hiru zatitan banatzen da liburua. Lehen zatia: Ate zuriak eta zilarra. Heriotzaz eta bizitzaz mintzo da poeta, argiaren mantsotasun edo lasaitasun pean egindako poema hauetan. Bigarren zatia: Hemisferioak. Argitasun fisikoa eta geografikoa da, Patagoniako eta Txile aldeko argiak liluratuta idatzitakoak. Eta hirugarren zatia: Ezpainetako ispiluak. Amodioaz mintzo da Madariaga. Zati honetan argia ez da zuzena, islak eta distirak dira nagusi. Hiruretan doinu bera antzematen da: itzaletik argira joan nahi duen izakiaren gogoa, eta horretan pasako hegaztia bezalakoa da. Izan ere, naturak ere garrantzi handia du liburuan. Poetaren begi ibiltariak naturaren beraren izateaz itsutu balira bezala.
Hondarribiko eta Irungo hizkerak dialektologi alderditik aztertzea da liburu honen helburu nagusia: hizkuntz ezaugarri eta arau nagusien bilduma egin, eta zein ezaugarritan diren berdinak eta zeinetan ez agertzea. Era berean, hizkerok euskalkien sailkapenean duten kokaguneari buruzko argibideak ematea. Grabazio egokiak CDan jaso eta Loidi corpusa nahiz itsas lexikoaren inguruko galdeketa labur baten emaitzak eskaintzea da bigarren helburua, arlo honetako eta beste ikerketa-eremuetako ikertzaileek esku erara izateko, eta batez ere gure bailarako hizkerak hobeto ezagutu eta aintzat eman nahi dituztenek lanabes gehiago izateko.
Kultur aniztasunaren emaitza da, bete-betean, liburu-katalogo hau: lurralde ugaritako 36 artisten lanak eta mundu zabaleko beste hainbeste kontakizun biltzen ditu. Arte plastikoak eta literatura (hizkuntza anitzetako literatura hizkuntza anitzetan emana) uztartzen ditu. Datorkigun munduaren ispilu.
Hogeita zortzi ipuin eta hogeita zortzi ilustrazio ageri dira Wölfel-en liburu klasiko honetan. Ezin egokiagoa zortzi-hamar urteko haurrek irakurtzeko edo gurasoak irakurri eta txikiagoei kontatzeko ere. Irakurtzeko atseginak eta kontatzeko errazak. Beti irribarrea ezpainetan.