Leïla Slimani (Rabat, 1981). Idazle eta kazetari frantses-marokoarra da, gaur egungo literaturako ahots indartsuenetako bat. Kazetaritzan trebatu ondoren, eleberrigintzan nabarmendu zen, gizarte-tentsioak, genero-rolak eta intimitatearen itzalak zehaztasun psikologiko handiz aztertuz. Chanson douce lanarekin 2016ko Goncourt saria irabazi zuen. Bere lanek arrakasta handia izan dute nazioartean, eta hainbat hizkuntzatara itzuli dira, egungo gizartearen kontraesanak begirada zorrotz […]
Hamar urte bete berri dira Netflix streaming plataforma mundu osoan zabaldu zenetik. Euskal Herrian ere erraz zabaldu zen, eta herritarren parte handi bat bere atzaparretan murgildu da. Nola aldatu dira urteotan ikus-entzunezko edukien kontsumo ohiturak? Zer dago streaming plataforma handien atzean? Nola funtzionatzen dute? Galdera horiei eta beste askori erantzuteko ahalegina egiten du Urtzi Urkizuk, gai hauetan kazetari eskarmentuduna denak.
Streaming plataformen inguruan idatzi ohi du autoreak egunero euskarazko prentsan, eta saiakera honetan patxadarako tarte bat hartu du aipatutako galdera horien gainean idazteko. Datu zehatz ugari emanda, eta bere iritzi kritikoa ere plazaratuz. Haren azken mezua honako hau da: ikuslea ez dadila plataformen algoritmoaren mende gelditu, eta ireki dezala leihoa; tentuz begira dezala zer ikusi eta zer ez.
Zirtak su eleberri historikoa da, egiazko gertakizun batean oinarritua, egiazko pertsonaia bat protagonistatzat duena: Egeria, mendebaldeko lehen emakume bidaiaria eta idazlea. Guregana heldu diren testuetatik abiatuta, Maite López Las Herasek IV. mendeko emakumearen bidaia luzea kontatzen digu, Gallaeciatik Lur Santuraino. Ibilbidean zehar protagonistak biziko dituen gorabeherak ugariak eta erakargarriak izango dira, orduko testuinguru nahasi eta berezian kokatuak, Erromatar Inperioaren gainbeheran eta Kristautasunaren hastapenetan, hain zuzen.
Beste elementu bat tartekatuko da, ordea, kontakizun osoan zehar, liburuaren funtsa izango dena: zentsura. Erdi Aroko kopista desberdinen lana eta bizimodua ezagutu ahal izango ditugu, Egeriaren lanaren zein zati eta zein ez kopiatu erabakiko dutenak, nolabait ere guregana heldu den testigantzaren zergatia azalduko digutenak.
Urtzi Urkizu Adrian (Lezo, 1975) Kazetaria, Euskaldunon Egunkaria-n erredaktore izan zen, eta Berria-n lan egiten du 2003an sortu zenetik, komunikazioari, kazetaritzari eta ikus-entzunezkoei buruzko gaietan espezializatuta. Bi dokumental zuzendu, hainbat liburu kolektibotan parte hartu, eta bakarka bi literatura lan argitaratu ditu. 2024an, Txoria hodei artean liburua argitaratu zuen, Euskal Telebistaren iraganari eta etorkizunari buruzkoa. 2025ean, […]
Bide bihurrietan. Gogoeta jauzilariak hamabi atalek osatutako saiakeran, gai anitzez aritzen da egilea, irakurlea hausnarketaren lurralde urrunetara eraman nahian. Bidaia horretan, idazleari arintasuna dagokio, Italo Calvinok esan zuen bezala. Hau da, saiakerako gogoetek jauzilari izaera dute. Haria hartu, utzi eta berreskeratu egiten dute, testuinguru eta garai desberdinetako beste hari batzuek jorratzen diren gaiei argia egin ahala. Eta gogoetak bihurriak ere badira lerro zuzenari ihes egiten diotelako.
Ildo beretik, Italo Calvinok aztertu zuen beste ezaugarri bat da hemen nagusi: zehaztasuna. Bada, saiakerak egiten dituen jauziek oinarri sendoa dute, nahiz eta ezusteko lekuetara eraman. Ez dira ez hutsalak ez errazkeriaz eginak; aitzitik, begirada zorrotz bati zor zaizkio, zeina filosofia, historia, antropologia, politika, filologia… eta literaturaren arloko adibideez elikatzen baita. Hortaz, adi: ezer ez doa esan gabe, ezer ez da jakintzat ematen. Izan ere, sasi argudioak arriskutsuak dira eta bidea ematen diote bidegabekeriari. Azken batez, nonahi eta noiznahi agerian utzi beharreko zentzugabekeria eta bidegabekeria horiek dira saiakeraren ardatza. Hala bada, irakurleak topo egingo du bertan gaitzetsitako emakume buruargiekin eta erbesteratutako moriskoekin, besteak beste, eta aukera izango du herritarren heriotzarekiko arrozteaz, taigako herrien gainbeheraz, Stalinen patriarkalismoaz, nazismoaren hutsaltzeaz, inperioetako gerrek eta kolonialismoak eragindako hondamendiez eta abarrez… hausnarketa sakona egiteko.
Idazlan honek dakarren bibliografia oparoak, bestalde, ateak irekitzen dizkio irakurleari, nahi izanez gero, bere jakin-mina asetu arte ikertzen jarrai dezan.