Gorputzeko humoreak

Hezurrek haragiari nola, hala eusten diote Gorputzeko Humoreek, haragian barna zirkulatzen dutelarik, espirituari, gorputzean gertatzen den ororen eragingarri. Errorentzat lau humore daude nagusiki: Melankolia, Hazia, Odola eta Tinta. Laurak nahikoa humore beltzak. Horiek baliatzen ditu tedium vitaeaz eta edergoseaz, sexuaz eta maitasunaz, adiskidantzaz eta gerrez, irakurtzeaz eta idazteaz aritzeko. Egunerokotasuna gai mitiko bihurtzera jolasten da Erro liburu honetan, gure etorkizuneko heroiak sentitzera.

Altzeta

Geografia intimo bat da. Ez dago inon, egilearen begien barnean ez bada. Baina irakurleak, hala ere, izango du makina bat pertsonaia, makina bat izen eta leku eta gorabehera mundu ttiki horren berri zehatz emango dionik. Sortu bezala suntsituko da Altzeta, ezerezetik ezerezera doan bidaia noragabean. Hondamendia iritsi bitartean, ordea, gauza asko gertatuko da bertan: Zooaren sorrera, Goiko Bentako ibilera isilekoak, tren ttikiaren ibilaldiak, eskia… Atzera eta aurrera mugituko ditu kontalariak hariak, noiz umorez, noiz ukitu tragikoz edo lirismoz, noiz errealitateak eskaintzen duen magiaren lurrinez; baina zuhur beti ere. Eta borobilduko da azkenean zirkulua eta patuaren esanera errendituko da hemen ere, agian amets polit bat besterik izan ez zen mundu koloretsua.

Hiruko

Narrazio hauek euskaldunen eta diogun euskaldunen etsaien gatazka denboraren arteka isilaren aterpetik bermatzen dira. Argi dago bi denbora finkoak gerlan daudela eta ematen du Hiruko hau osatzen duten hiru testuak lubaki abandonatu eta bakartitik idatziak direla: zartailuen eta garaipen deiadar harroen erditik, noizbait izatera heldu litekeen ahots umil eta biluzi. Gurutze Gorriarekiko bandera zuri bat? Agian, gurean, gureari eta gure bortizkeriak kutsatzear dituen gure hitzekin gogoetatzeko ildoaren irekitzea. Herriak bizi behar du istorioan zehar, askapen borrokaren mistikak nola gazte bat sura daraman ikusten da. Ipuin baten gisa irakur daitekeen Harpe ilunetik ateratzeko saio laburrean, batzuetan dudazkoa den euskaldunon legearekiko egin-moldearen anbiguotasuna ikertzen da. Elpides antzerki giroko testuan, hondarrik, gerla handi eta gerla txikiekiko sofista solas ironiko-sarkastikoa hedatzen da, gaiarekiko premiazkoa genukeen irri-karkara erraldoi. Nazionalismoak sorraraz dezakeen izpiritu-hertsatze ekintzaren aipatzeko beraz, autoreak hiru forma literario baliatzen ditu: narrazioa, saioa eta antzerkia. Irakurleak testu hauetan, gainera, liburuetan kausitzea gustatzen zaion harremanen biolentzia, sexua, biziaren huts zein bakuntasuna eta umorea atzeman ditzake besteak beste. Zergatik ez gaiztakeria politiko apur bat, halaber, ohituraz jadanik, lo zurrungaz dagoen geure baitako piztia ideologikoa akuilu xixtaz iratzarrarazteko bezala.

Bizia lo

Bost kontakizun biltzen ditu Jokin Muñozek liburu honetan. 60ko urteetan jaiotako belaunaldiari bizitzea egokitu zaion giroari eta bizipenei oso lotuak bostak ere. Entzunez baino ezagutzen ez duen gerraosteko giroan murgiltzen da autorea aurreneko ipuinean, eta fikzio futurista alegiazkoan sartuta bukatzen du liburua. Tonu errealista da nagusi. Kontakizun biluziak dira, apaindura askorik gabeak. Gordin kontatuak daude, baina epairik eman gabe. Irakurleak atera beharko ditu ondorioak, eta ez dira beharbada oso baikorrak izango. Neguan bizia lo dago Lizardiren begietan. Ez dira autorearenak lo egon kontakizun indar handiko hauek idazterakoan. Euskal gatazkaren hariak bizi-bizi ageri dira agertokiaren atzeko oihal, baina ez da gatazkari buruzko liburu bat. Arazo horrekin ere bizitzen ikasi dugun gizakiei buruzkoa baizik.

Euskal gatazkaren begiak

«Gu guztiok itotzear gauzka gatazka gordina dela-eta, ez da harritzekoa hedabideak muga-mugako jokabideetara lerratu izana. Ez eta muga horiek behin baino gehiagotan gainditu izana ere. Mugoz gaindi ibiltzea arau eta lege bihurtu dute, ordea, zenbait hedabidek, eta ez dirudi hori hain onargarria denik. Besteak beste, mugak behin eta berriz gainditzen dituenak mugon kontzientzia bera gal baitezake -galtzen baitu- jardueraren jardunez. Alde horretatik, kazetarion urrats desbideratuen eta bide galduen inbentario halako bat ere bada Idoyagaren lan hau. Horrez gainera, hamaika iradokizun zuhur kilikagarri ere aurkituko ditu hemen kazetariak -eta komunikazioaz interesa duen edonork- egindako urrats desbideratuak zuzendu, eta bide galduak atzekoz aurrera ibiltzeko. Izan ere, bide berrien bila abiatu baino lehen, ezinbestekoa da ibilia desibiltzea, gatazkaren parte bihurtu baitu orain arteko bideak kazetaritza». MARIANO FERRER

Ez balego beste mundurik

Gauza trajikoak umorez esaten maisu da Linazasoro. Irribarre, barre-azal, barre txiki eta handi, denak saiatuko ditu irakurleak, gauzek, ordea, trajiko izaten jarraituko dute. Aldarte ona behar du irakurleak ipuinok irakurtzeko. Aldarte umoretsua, dudarik gabe, baina mundu itogarri trajikoan sartzen ari dela hartu behar du kontuan; estimagarri irudituko zaio irakurleari orduan kontatzen duen horrekiko autoreak zaintzen duen distantzia. Ez balego beste mundurik ipuin-bilduma honek badu anaia zaharrago bat: Zer gerta ere (1994) izenekoa. Sei urte pasatu dira, eta berezko urratsa egin du aurrera autoreak hain maite duen absurdoaren labirintoan.

Analfabetoa idazle

Hamaika atal laburretan jasotzen ditu egileak bere bizitzaren une erabakigarrienak. Jaioterri izan zuen Hungariatik Austriara, eta handik Suitzara emigratu zuenean lau hilabeteko bere alabarekin, hungarieraz irakurtzen zuen, eta asko; baina gero, frantsesez –alegia, erbestearen hizkuntzan– idatziko du bere literatur obra osoa. Liburu honetan, ama hizkuntzaz eta “hizkuntza etsaiez” dihardu (alemana eta errusiera, baita frantsesa bera ere) besteak beste, idazkera minimalista batez ondutako kontakizun autobiografiko zorrotz, gupidagabe eta doi batean.
Oroimen eta bizipen propioez –eta oroimen eta bizipen haiei buruzko azterketa zorrotzez– literatur esperientzia hunkigarri bezain gozagarria eraikitzeko gauza izan diren idazle maisu-maistren multzoan dugu, betiko, Agota Kristof.

Septentrio

Liburu honetan, lehenik, sartaldeko lehor aurkitu berrietara joan baino lehenago, sortaldera buruz abiatzen da autorea Marco Poloren eta Mandevilleren hatzei jarraikirik, kartografia fantasmagoriko bat irekiz. Ondotik, manera autobiografikoago batean, ipar-mendebalderantz itzultzen da, lur berrietara buruz: ametsetarik bizi izanikakoen kontakizunera, baina beti Terra incognita eta Mundu aurkitu beharraren argitan. Ternuara joan aspaldiko euskaldunen aztarnak segituz, bere baitako gogo-bidea marrazten du. Eta, bururatzeko, liburuak zabalik uzten duen itsas espazio baztergabea, bakarrik: «Ontzia emeki-emeki desagertuz doa, itsasoa bakar, bazterra huts».

Jostorratza eta haria

Demagun bizitza oihal bat dela.
Demagun oihal horrekin neurriko jantziak jos daitezkeela.
Demagun Jostorratza eta haria hauxe dela: ama batek jaiotzear dagoen alabari oparitzen dion josteko manuala, patroiak eratuz, txatalak batuz eta urradurak errepasatuz neurriko soinekoak molda ditzan bizitzaren oihalean.

Gu, nafarrok

Saiakera honetan Xabier Zabaltzak Nafarroan lehian dauden bi nazionalismoak salatzen ditu, ez baitira gai izan nortasun elkarganatzaile bat sortzeko. Espainolistek euskara eta euskal kultura mespretxatzen dituzte, eta abertzaleek ez dute oraindik ikasi euskalduntasuna nafartasunaren atal bat besterik ez dela. Nafarroa abertzaletasunaren hutsegiterik handiena da, baina “euskal arazoa” konpontzeko gako bat ere bai.

Gu, nafarrok aurreritzirik ez duten irakurleendako idatziriko liburu ikonoklasta bat da, funtsezkoa atzoko eta gaurko Nafarroa ulertzeko, batzuen eta besteen mito guztien gainetik. Egilearen ustez, afera ez da nazionalismo batak bestea garaitzea, sentimendu nazional guztiak biltzen ahal dituen erkidego berri bat sortzea baizik. Horixe da nafarren erronka nagusia.