Gogoa zubi

Lertxundik esana du, sarritan, ez lukeela egingo segurantzatik haratago ez lihoakeen literaturarik. Eta zinez bete du literatur konpromezu hori bere fikziozko lan ugarietan. Oraingo honetan, berriz, fikzioaren makulurik gabe, gogoeta biluziaren bidean barrena abiatu da. Bere jarrera etiko-estetikoaren osaketan etengabean sortzen zaizkion galderak irakurlearekin konpartitzeko ahaleginean. Ez du sekula maite izan Lertxundi idazleak gizartearen eta bizitzaren kontraesanen aurkako marfilezko dorrerik. Aitzitik, zalantzaren hondorainoko bidaia babesgabea du maiteago, historiaren ibai trumiltsua biblioteka epelaren leihotik ikustea baino.

Zinema Japoniarra, Kurosawa, Ozu, Mizoguchi eta beste

Zinema japoniarraren panoramika zabala eskaintzen digu egileak, hiru samurai ezagunenak -Ozu, Mizoguchi, Kurosawa- ardatz harturik, bai, baina haien itzal luzeak ilunduriko beste zinemagile handi eta interesgarri askoren berri emanez bidenabar.

Gauza baten ametsa

Gauza baten ametsako historia 1948-1949 urteetan gertatzen da, De Gasperiren gobernuak lur jabeen eta partzuerren arteko harremanetan justizia gehiago ezartzeko legea emanik, Italiako ipar-ekialdeko Friul eskualdeko lur jabeek lege hura bete zezaten laborariek egin behar izan zituzten huelga eta borroka luzeen garaian. Hain zuzen ere Pasolinik 1949-1950 bitartean idatzi zuen bere lehenengo eleberri argitaratua izan zuen hau, bere jaioterritzat zeukan Friuletik Erromara ia ihesian aldatu berria zela.

Artistakume baten erretratua

Dylan Thomasen bizitza eta literatura ulertzeko giltzarria da Artistakume baten erretratua. Orrialde autobiografiko hauetan ageri da Thomasen mundua bere osotasunean eta bertan bizi dira, haur edo gazte jakin-min begizabal baten jiran, haurtzaroko eta gazte garaiko pertsonaiak eta lekuak. Imajinazioa eta errealitatea nahasten dituen haurra edo gaztea da hor ageri dena. Umotzen ari den idazle-nahi bat. Umotu, bi eratara, pertsona gisa eta idazle gisa. Maitatzen, estropezu egiten, eta, haztamuka ibili ondoren, lurretik altxatzen ikasten ari den artista kume bat da orrialdeotako Dylan gaztea, heldu, beharbada sekulan erabat heldu ez zen Thomas idazle handiaren begirada umoretsu eta ironikoaren bahean irazia.

Zirkuluaren hutsmina

Modernitatearen erlijioa aldatu da; jatorrizko erromantizismotik gaur egunera etengabea izan da sekularizatze prozesua. Hortxe ikusi zen Keats poeta erromantikoak bere garaiaren eta aurrekoaren arteko etena: zerutiko mugimendu kristautik giza-agnostizismorako bidean. Sekularizatze hori gabe ezingo litzateke modernitatea ulertu; ezta bere poesia eta sentiera ere. Jatorrizko erromantizismoaren kristau fede galtze horren ondorioz, poesiari egokitu zitzaion haren muina jasotzea. Eta, harrezkero, poesiaren ahotik erlijioaz hitz egiten denean, ez dago, inondik ere, gure elizetako apaizen ortodoxiarik. Maitasunak, adiskidantzak, bizitzak, bidaiak eta erredentzioak berak beste adiera bat arras diferentea erakutsiko du poesia modernoaren orri askotan. Eta, hala ere, orri horietako asko eta asko erlijioz gainezka daude.

Satorrak baino lurperago

60ko eta 70eko urteen kronika kulturala, politikoa eta sentimentala egin du Pedro Alberdik liburu honetan. Ezer baino lehen, esan behar da kronika bizia dela, atzera-aurrera handiak dituena eta modu zirkularrean antolatua, oroimen puskak buruan antolatzen diren gisara, hain zuzen. Abiapuntu eta bizkarrezur Hamaika pauso Ramon Saizarbitoriaren nobelako bi pertsonaia nagusiak ditu: Ortiz de Zarate eta Abaitua. Alegiazko pertsonaiak nobelan zehar hona eta hara mugitzen diren bitartean, garai horretantsu eta leku horietan zer egiten zuten benetako eta hezur-haragizko kultura-, politika- eta ekintza-gizon-emakumeek? Zer idazten zuten Txillardegik, Saizarbitoriak, Arregik edo Arestik? Zer pentsatzen zuten Letek, Sarasolak, Iriondok edo Laboak? Zertan zebiltzan Onaindia, Aizpurua, Sarasketa, Bikila, Lopez Irasuegi edo Etxebarrietatarrak? Edo Oteiza? Zertan zebilen Oteiza? Eta Ibarrola? Zer eztabaida zebilen Zeruko Argian? Eta Anaitasunan? Nolakoak ziren belaunaldien arteko harremanak? Tirabirarik ba ote? Ez Dok Amairuk, Jarraik, Gaur-ek… zer paper jokatu zuten? Orduko aipuak tartekatzen ditu Pedro Alberdik bere jardunean, honi eta hari pasoa emanez, irrati saio luze halako batean, esatari trebearen moduan. Orduko eztabaidetan eta kezketan murgilarazten gaitu, orduko idazkeran, eta denboraren pasoaz ohartzen gara, malenkoniaz ohartu ere…

El país de los vascos

El autor propone otra memoria sobre las versiones al uso en los medios de comunicación del trascendental período que va de 1997 a 2001 en el país de los vascos. Hace un recorrido analítico por las cuatro fases que detecta en el apasionante ciclo político

Bost idazle Hasier Etxeberria rekin berbetan

Tenorea iristen denean, musika oro geratu behar izaten da, eta erabateko isiltasuna entzun.Adi-adi. Batez ere iristen den hori guztia zarata baldin bada, egiazko musika baino gehiago. Dena geratu behar izaten da supituan, berriro ganoraz entzun nahi baldin bada. Horixe izan nahi luke bederen liburu honek: isiltasuna. Zarataren erdian, aurrera segitu baino lehenagoko geldialdia, ez besterik. Bost idazlerekin eginiko elkarrizketak biltzen dira hemen, orkestra zabalago bateko bakarlariak, guztiak ere. Badakigu bostak gabe, XX. mende bukaerako euskal literaturak ez zukeela musika bera izango, XXI. mende hasierakoak ere ez. Euren bosten liburuak gabe ez ginatekeela honaino etorriak izanen. Liburu honetan bost idazle ezberdinen iritziak aurkituko dituzu alfabetoak agintzen duen legean antolaturik: Atxaga, Izagirre, Lertxundi, Saizarbitoria eta Sarrionandia. Horrelaxe. Bost idazle. Bost literaturgile eta irakurle bat aurrez aurre. Hitz eginez isiltasun apur bat ekarri nahian gurera. Ez besterik. Horixe baizik ez, aurrera jarraitu baino lehen, nork bere bidean.

Donostiako hiriaren historia bere pertsonaien bidez

Gertakari eta ekintza handien kontakizun zehatza baino gehiago da hiri baten historia. Hiri baten historia bere herritarrek ehundu dute gizaldiz gizaldi, eta ehuntzen jarraitzen dute. Eta ehundu, ez ekintza eta gertakari handien hariz, ezpada eguneroko bizitzazko hari fin sotilez, bizi beharrarekin eta ezin biziarekin, lanarekin eta izerdiarekin lotura estua duen oihal amaigabeko batean. Herritarrek ez ezik, kanpotik etorri direnek, eta etorri gabe nolabaiteko eragina izan dutenek ere, ehundu dute oihal hori. Javier Mª Sadak liburu honetan bildu dituenen artean denetarik dago, pertsonaia handi, txiki eta bien erdiko, baina ezin uka daitekeena da horien atzean pertsonak daudela; eta horien guztien artean, eta beste ezin konta ahal gehiagorekin batera, egin da Donostiaren historia, onerako eta txarrerako. Ez ote da hori Unamunok aipatzen zuen intrahistoria?