Ero hiria

Renon kokatuta daude kontakizun hauek. Areago, Reno hiria bera da pertsonaia nagusia, ipuinetako pertsonaiei biziki eragiten dielako. Horregatik, Reno hiriak berak jasaten ditu denboraren erasoak, pertsonaiek bizi dituzten egoerekin batera. Paralelismo horrek ematen die tonu dramatiko, ironiko eta komiko bat narrazioei, pertsonaiak eta hiria bera ere elkarren lagun bihurtuta.

Ipuin hauetako pertsonaiek aro berri baten hasieran daudela uste dute, baina azkenean aspaldiko garaietatik datozen kontuei heldu behar diete, nahitaez. Biziak dira elkarrizketak, baina ez dago errealitatea zehazteko asmorik ipuinotan. Aitzitik, errealitateari atera dakizkiokeen nabardurak eta bidezidor esploratu gabeak jorratzen dira. Azken batean, indar handiagoa eman zaie pertsonaiei berei, gertatzen zaizkien gauzei baino.

Txokotik zabalera

Euskararen historiak, ibilbideak eta gaur-ko egoerak badu alderdi tragikoa, zalantzarik gabe. Euskaltzaleok, gainera, hala bizi dugu euskararen balizko galera: tragedia handia litzateke. Baina alderdi tragiko horren ondoan, alderdi komiko bat ere badugu. Euskara osasuntsu biziarazteko ahaleginean, komediatik oso gertu edo komedia hutsa diren gertakari, planteamendu, ekimen… ugari dugu, eta horien gainean aritzea ere osasungarri izan liteke. Umore- edo ironia-doinua erabiltzea, eta gaiak desdramatizatzea, azken batean, erremedio eta terapia bikaina da askotan, ari garen alorra edozein dela ere.

Estiloak estilo eta doinuak doinu, idazlan honetan zehar hainbat tesi, planteamendu edo kritika ere badaude. Eztabaidarako eta hausnarketarako gaiak badaude, beraz, baita aski sakonak direnak ere, iritziak ere bai, baina lan honekin ez da inor tesi edo uste horien alde konbentzitu nahi.

Hauts bihurtu zineten

Euskal Herriko auzo txiki batean, frankismoaren azken urteetan eta trantsizio garaian kokatuta dago Igerabideren lehen eleberri hau. Autoreak ongi ezagutzen duen garai eta leku gatazkatsu nahasia, beraz. Garai hartan nerabe eta gazte sasoiko izandako bat da narratzailea. Pertsonaia asko eta ongi taxutuak agertzen badira ere, bada bat narratzaileak begiz jotakoa eta ongi begikoa duena: Adela, auzoko maistra aurrerakoia. Emakume maitagarri haren drama humanoak josten du osoagoa izan nahi duen kontakizunaren ehuna. Eleberria oihartzunez beterik dago. Esan liteke oihartzunen sare batek osatzen duela nobelaren egitura, denbora kronologikoari denbora psikologikoa gailenduz. Ez da garai historiko baten azterketa objektiboa, irakurketa sentikor bat baizik, sufrikariotik eta gozamenetik sorturiko lekukotza bat, hauts bihurtu zirenen errautsekin idatzitakoa.

Argizariaren egunak

Narrazio-forma berritzailea dakarkigu egileak Argizariaren egunak eleberri honetan, eta kontakizun ugariren (askotariko ikuspegien) arteko ispilu joko distiratsua lortu du. Lertxundiren ispiluek ez dute, ordea, isla laurik eskaintzen, sakonera lerrarazten baitute irakurlearen soa, argizariaren malgutasunez txirikordaturik heriotza, amodioa eta erotasuna dantza hunkigarri batean. Izan ere, ba ote da gizakiaren bizi / herioa bil dezakeen metafora zuzenagorik, ezkoaren malgua baino?

Batak ez du bestea kentzen

Batak ez baitu bestea kentzen, hiru atal: Iferneguan, edo nola lagun dezaketen hitzek suaren eta hotzaren minetatik babesten. Azaldu beharra eta ezinbesteko aurrera-bidea, ez negar-kantaren zigorrik. Gosari jendetsua, “maitasun” diogun horretaz, eta antzeko edo bestelako giza harremanez. Bestela ezin eta, hainbat ahotsetan: hain azaltzen du gutxi eredu erromantikoak… Ertzetan presazko oharrak idatzi ohi dira, premiazkoak, ahaztu ezinekoak. Bat-bateko zalantzak, lehenbailehen norbaiti galdetu beharrekoak. Mezu zifratuetan, sekreturik larrienak; eta karmin-lapitzez, telefono-zenbakiak. Batak bestea kentzen ez duelako.

Zorion perfektua

Atentatu baten lekuko izan da hamasei bat urteko neska bat. Neska horrek berak kontatzen ditu hurrengo hogeita lau orduak, inguruan eta bere barruan gertatzen diren hausturak eta hausnarketak jasoz; autoreak suziri distiratsuen beharrik gabe, maisuen moduan darama irakurlea ezin utzizko hari batean. Sistema orokortzaile eta arauemaile guztiak pitzatu direlarik, gizakia babesgabeago sentitzen da, kontzientzia baino ez zaio geratzen, uneoro erabaki beharrak, uneoro posizio hartu beharrak atsekabetzen du, ezmezean jartzen; baina, aldi berean, libreago egiten du. Kontzientziaren nagusitasunaren aroa da; izan ere, «kontzientziarik ez bagenu, animalia huts ginateke, zorion perfektu halako baten jabe», nobelako pertsonaia batek esango lukeen bezala. Nobela morala da Zorion perfektua, Camus, Sciascia edo Dürrenmatt-ek landu zuten tradizioan kokatua, etika eta estetika txanponaren bi aldeak direla eta bi alde horiek elkarrengandik aldendu nahi ez dituela sinetsita bizi den idazle batek idatzia. Beste bide bat iragartzen ote du nobela honek Lertxundiren nobelagintzan? Akaso bai, nork daki… baina printzipio argi bati erantzuten diola esan behar da aldez aurretik: kontatu nahi den historiari dagokion soinekoa josi behar zaio.

Euskaldun fededun

“Euskaltzaleen Jainkoa hil behar dugu” idatzi zuen Rikardo Arregik, 1967an. Zer esan nahi zuen, ordea, euskaltzale eta jainkozale baten eztarritik ateratako oihu hark? Zein Jainko, zein fede-klase hil nahi zuen Arregik? Gizakia aske eta burujabe izaterik nahi ez zuen Jainkoa; berrehun bat urtean, gutxienez, “euskaldun ona” izateko modu bakarra arautu zuen fede-klasea: euskalduna baserritar, Elizaren esaneko otzan eta modernitatearen etsai izan behar zuela agintzen zuen fedea. Hil beharreko Jainko beldur zale horren erradiografia zehatza egiten da liburu honetan. Integrismo katolikoaren garairik ilunena marrazten da, iturrietan edanik, izuaren zuztarretaraino bidaia eginez. XVIII-XIX. mendeetako Euskal Herria eta bere giro moral, politiko-ideologikoa da hemen agertzen dena; izan ere, garai hartan joan zen mamitzen “euskaldun” eta “fededun” hitzen arteko identifikazioa, ia gaur arte iraun duena ordea.

Obabatiko tranbia

«Zergatik idatzi dudan liburu hau, zein helbururekin? Nik ere, jende askok bezala, zalantzak ditut literaturaren zergati eta zertarakoez; ez dakit literaturak ezertarako balio duen, bai ala ez. Izan ere, bizio edo grinatzat hartzen dut nik literatura, eta ez erabilgarritasun morala edo politikoa duen zerbait balitz bezala. Eta zertarako bizioak, zertarako grinak (zertarako bekatuak), haietaz hitz egiten ez bada? Irakurtzeak eman dezakeen plazerra zabaldu egiten da irakurritakoa norbaitekin partekatu eta eztabaidatu baldin badaiteke. Bai: maite dut literaturaz hitz egitea, bizioaren bizio hori (metabizio hori). Eta, hein handi batean, hori da liburu hau (hori izan nahi luke): adiskideekin izandako hainbat elkarrizketaren emaitza eta balizko irakurlearekin elkarrizketa berri bati ekiteko saioa». Katedrarik gabeko aulki txiki batetik idatzita dago liburu hau, ez da kritikari profesional batek egina, ez da lan unibertsitarioa, autorea ez da liburuei argazkia atera eta historiaren izozkailuan sailkatzen dituen horietarik. Eztabaidarako oinarri eta, aldi berean, memoria-ariketa izan nahi du liburuak, baina, batez ere, «triunfalismoa» deitzen dugun pozoi horrentzako antidoto egokia. Zazpi begirada ageri dira liburuan -izan zitezkeen gehiago- mende bukaeraren bueltan denon artean ehun dugun euskal letren tapizari azpildurak arakatzeko.

Hiltzen nauzu goxoki

Munstroak eta gu aldi berean ari gara zahartzen. Ez da harritzekoa. Liburu honetan agertuko zaizkigun mamu guztiak gure isla baino ez dira. Haiek dira, Gonzalo Suárezek ederki amestu zuen legez, barruan daramagun Mr. Hyde propioa. Haiek dira guk geuk pintaturiko Dorian Greyren nolabaiteko erretratua. Haiek egingo dituzte, gure partez, geuk gustuko, begiko, gogoko ditugun oker guztiak. Guk ez dugu okerrik egingo. Gu testuinguru soila izango gara. Gure mandatariak izango dira pantailan. Haien aurpegietan, haien ibilera makurretan, haien begiradetan grabatuko da Gaizkiaren seinalea, guk, zine aretoetako ilunpean, salbu, onik, kalterik gabe, eder irauten dugun bitartean.

Rowley Jefferson Superjatorraren abentura

Rowley Jeffersonen irudimenak sortua, abentura epiko bat. Elkar zaitez Rolandekin, eta Garg Basatiarekin, haren lagun onena, euren herriko segurtasuna utzi eta Rolanden ama Azti Zuriaren atzaparretatik salbatzeko ontziratzen direnean. Bizirik aterako ote dira gure heroiak? Rowley Jefferson Superjatorraren abentura miresgarria irakurrita jakingo duzu!