Lale Sokolov tatuatzaile lanetan ari zen Auschwitz-Birkenaun. Zenbaki bana tatuatzen zien bera bezala suntsigai sartzen zirenei. Egun batean, tatuatzeko txandaren zain zegoen neska bat ikusi zuen, Gita, dardar batean, izuak goitik behera hartuta. Laleren bihotza maitasunez goritu zen instantean, eta erabaki irmoa hartu zuen: infernu hartatik biek bizirik atera behar zuten.
Mundu osoko kritika eta irakurleen txaloak jaso dituen eleberri honek Holokaustotik bizirik atera ziren Lale eta Gita Sokolov judu eslovakiarren benetako historia du oinarri. Bai haien historiak, bai eleberri honek, itxaropenari eta maitasunaren indarrari egiten diote gorazarre argitsua.
«Amodiozko historia zirraragarri bat», El Periódico
«Kontakizun indartsu eta lazgarria
Ahaztezina», Kirkus Reviews
«Maitasun eta sufrimenduzko historia bat», New York Post
«Zintzoa
hunkigarria», Sunday Times
«Fenomeno bat», The Times
«Liluragarria», Guardian
Ez dago behatutakoa aldatzen ez duen behaketarik.
Gertakariak ez dira gertatzen denboran, gertakariek denbora sortzen dute irauteko, denboran jarraitzeko.
Jorge Wagensberg-en bi esaldi horietan dago Gertakarien urtzea honen abiapuntua eta mamia. Izan ere, poetaren jardueraren gakoa inguruko gauzak edo gertakariak behatzean (ikustean, aditzean, ukitzean, usaintzean, dastatzean) datza, ariketa horretatik bere interpretazioa sortzeko, bere ahots propioarekin. Gaurko zientziak berak onartzen duenez, begirada zientifikoak errealitatea zertxobait aldatzen badu, begirada poetikoak guztiz aldatzen ditu gertakariak, nahitaez, behatze ariketa horretan. Inguruko gertakarien urtze hori begirada sortzailearen emaitza da. Hurrengo urratsa birziklatzearena da: poema bat idaztean, finean, gure bizipenak, oroipenak, sentsazioak, ideiak, sentimenduak, irakurketak
birziklatzen ditugu.
Poesia edonon aurki daiteke (ez dut aurkitu zutaz edo nitaz solastatzen ez den berririk). Egunkari baten berrietan, igandeko gehigarriaren ataletan. Haren tintak hatz-mamiak zikintzen dizkigu, egunaren argiak edo belztasunak betsareak inprimatzen dizkigun bezala: ez dago idazteko bertze modurik. Memorian erdi urperatuan dugun poema zahar bat berriz oroitzean ere bertze poema bat idazten dugu.
Kartografiak bere baitan biltzen du errealitateen eta irudimenaren arteko hartuemana: mapak ez dira errealitatea, baina errealitatearen irudi bat ematea dute helburu. Autorea errealitate baten, bere errealiatearen, kartografia egiten saiatu da liburuan. Asko eta askotarikoak dira errealitateak, bai, baina ez oso diferente; azken finean denok gara gizaki. Autorearena ez da besteen errrealitateetatik oso aldendurik egongo. Lurralde batzuk ondo marraztuta daude, sateliteen eta ordenadoreen bidez egiten diren modukoak dira: ahalik eta zehatzen. Beste batzuk, aldiz, zirriborroak, besterik ez. Terra Incognita franko agertzen da, halabeharrez, antzinako mapetan bezalaxe, nork ezagutzen du oso-osorik bere burua eta bere ingurua?
Renon kokatuta daude kontakizun hauek. Areago, Reno hiria bera da pertsonaia nagusia, ipuinetako pertsonaiei biziki eragiten dielako. Horregatik, Reno hiriak berak jasaten ditu denboraren erasoak, pertsonaiek bizi dituzten egoerekin batera. Paralelismo horrek ematen die tonu dramatiko, ironiko eta komiko bat narrazioei, pertsonaiak eta hiria bera ere elkarren lagun bihurtuta.
Ipuin hauetako pertsonaiek aro berri baten hasieran daudela uste dute, baina azkenean aspaldiko garaietatik datozen kontuei heldu behar diete, nahitaez. Biziak dira elkarrizketak, baina ez dago errealitatea zehazteko asmorik ipuinotan. Aitzitik, errealitateari atera dakizkiokeen nabardurak eta bidezidor esploratu gabeak jorratzen dira. Azken batean, indar handiagoa eman zaie pertsonaiei berei, gertatzen zaizkien gauzei baino.
Euskararen historiak, ibilbideak eta gaur-ko egoerak badu alderdi tragikoa, zalantzarik gabe. Euskaltzaleok, gainera, hala bizi dugu euskararen balizko galera: tragedia handia litzateke. Baina alderdi tragiko horren ondoan, alderdi komiko bat ere badugu. Euskara osasuntsu biziarazteko ahaleginean, komediatik oso gertu edo komedia hutsa diren gertakari, planteamendu, ekimen
ugari dugu, eta horien gainean aritzea ere osasungarri izan liteke. Umore- edo ironia-doinua erabiltzea, eta gaiak desdramatizatzea, azken batean, erremedio eta terapia bikaina da askotan, ari garen alorra edozein dela ere.
Estiloak estilo eta doinuak doinu, idazlan honetan zehar hainbat tesi, planteamendu edo kritika ere badaude. Eztabaidarako eta hausnarketarako gaiak badaude, beraz, baita aski sakonak direnak ere, iritziak ere bai, baina lan honekin ez da inor tesi edo uste horien alde konbentzitu nahi.
Euskal Herriko auzo txiki batean, frankismoaren azken urteetan eta trantsizio garaian kokatuta dago Igerabideren lehen eleberri hau. Autoreak ongi ezagutzen duen garai eta leku gatazkatsu nahasia, beraz. Garai hartan nerabe eta gazte sasoiko izandako bat da narratzailea. Pertsonaia asko eta ongi taxutuak agertzen badira ere, bada bat narratzaileak begiz jotakoa eta ongi begikoa duena: Adela, auzoko maistra aurrerakoia. Emakume maitagarri haren drama humanoak josten du osoagoa izan nahi duen kontakizunaren ehuna. Eleberria oihartzunez beterik dago. Esan liteke oihartzunen sare batek osatzen duela nobelaren egitura, denbora kronologikoari denbora psikologikoa gailenduz. Ez da garai historiko baten azterketa objektiboa, irakurketa sentikor bat baizik, sufrikariotik eta gozamenetik sorturiko lekukotza bat, hauts bihurtu zirenen errautsekin idatzitakoa.
Narrazio-forma berritzailea dakarkigu egileak Argizariaren egunak eleberri honetan, eta kontakizun ugariren (askotariko ikuspegien) arteko ispilu joko distiratsua lortu du. Lertxundiren ispiluek ez dute, ordea, isla laurik eskaintzen, sakonera lerrarazten baitute irakurlearen soa, argizariaren malgutasunez txirikordaturik heriotza, amodioa eta erotasuna dantza hunkigarri batean. Izan ere, ba ote da gizakiaren bizi / herioa bil dezakeen metafora zuzenagorik, ezkoaren malgua baino?
Batak ez baitu bestea kentzen, hiru atal: Iferneguan, edo nola lagun dezaketen hitzek suaren eta hotzaren minetatik babesten. Azaldu beharra eta ezinbesteko aurrera-bidea, ez negar-kantaren zigorrik. Gosari jendetsua, maitasun diogun horretaz, eta antzeko edo bestelako giza harremanez. Bestela ezin eta, hainbat ahotsetan: hain azaltzen du gutxi eredu erromantikoak
Ertzetan presazko oharrak idatzi ohi dira, premiazkoak, ahaztu ezinekoak. Bat-bateko zalantzak, lehenbailehen norbaiti galdetu beharrekoak. Mezu zifratuetan, sekreturik larrienak; eta karmin-lapitzez, telefono-zenbakiak. Batak bestea kentzen ez duelako.
Atentatu baten lekuko izan da hamasei bat urteko neska bat. Neska horrek berak kontatzen ditu hurrengo hogeita lau orduak, inguruan eta bere barruan gertatzen diren hausturak eta hausnarketak jasoz; autoreak suziri distiratsuen beharrik gabe, maisuen moduan darama irakurlea ezin utzizko hari batean. Sistema orokortzaile eta arauemaile guztiak pitzatu direlarik, gizakia babesgabeago sentitzen da, kontzientzia baino ez zaio geratzen, uneoro erabaki beharrak, uneoro posizio hartu beharrak atsekabetzen du, ezmezean jartzen; baina, aldi berean, libreago egiten du. Kontzientziaren nagusitasunaren aroa da; izan ere, «kontzientziarik ez bagenu, animalia huts ginateke, zorion perfektu halako baten jabe», nobelako pertsonaia batek esango lukeen bezala. Nobela morala da Zorion perfektua, Camus, Sciascia edo Dürrenmatt-ek landu zuten tradizioan kokatua, etika eta estetika txanponaren bi aldeak direla eta bi alde horiek elkarrengandik aldendu nahi ez dituela sinetsita bizi den idazle batek idatzia. Beste bide bat iragartzen ote du nobela honek Lertxundiren nobelagintzan? Akaso bai, nork daki
baina printzipio argi bati erantzuten diola esan behar da aldez aurretik: kontatu nahi den historiari dagokion soinekoa josi behar zaio.