Bi hitz

Poetak zioen maitatzen ez dakien pertsona ez dela bizi, baina asko eta itsu maite duenak ere lanak ditu.

Galdutako amodio baten kontakizuna da eleberri hau, galdu den unetik hasita, obsesioaren eremuetan sartzen den unetik. Sentimendu ezberdinak korapilatzen dira, eromena, beldurra, bakardadea, sexurako grina, mina… helburu bakar batekin: galdutakoa berreskuratzea, beste behin bada ere, partekatua bada ere, edo betiko ahaztea.

Kontatze modu bizia erakusten du Garazi Goiak bere lehen eleberrian, esaldi laburrez josia, gordina batzuetan, zenbaitetan amets girokoa, sortu duen fikzioari tamaina hartzen beti.

Kontu jaten

Eskarmentu handiko emakumeak dira. Gure herriko emakume adin batekoak. Kamera baten aurrean jarri ditu kazetariak. Ez, ez daude ohituta kamerari erantzuten. “Baina zer jakin nahi duzu?”, galdetu dute maiz. Haurtzaroa eta gaztaroa nolakoa izan zuten jakin nahi du kazetariak. Eta kontatu egin dute. Kazetariak idazleari pasatu dio grabazioa, eta idazleak haiena jaso, eta bere uztatik erantsi du zerbait.

Helduek, mahaian eserita, hizketan ari direla, haurren bat adi-adi sumatzen badute, esan ohi dute: “ari zara ba orain ere kontu-jaten”. Arantxa Iturbek berarekin batera jarri gaitu mahai honetan, gure herriko emakume eskarmentudunen mahaian, kontu-jaten.

Aurkari ikusezina

Gure gutasunak arduratzen nau, beste guztien gainetik horrexek arduratzen nau; ez dakigun gerta mahaia paratu nahi eta ogirik ez izatea. Edo euskaraz gara, edo ez gara izango; herri, esan gura dut. Vasconia nahiz Euskal Errepublika eleanitza ez da Euskal Herria; proiektu hori politikoki polita izan daitekeen arren, ur-ardo usaina hartzen diot. Hala ere, ez da hainbeste zazpi probintziak suz eta altzairuz euskaldun bihurtzea, ezpada garen euskaldunok geure herria osatzea eta abian jartzea: Euskal Herria abian jartzea administrazio propioarekin, hezkuntza berezituarekin, eta hedabide beregainekin. Zeren, galdetu al digute euskaldunei erdaldunekin konpartitu nahi ote dugun administrazioa, edo hezkuntza, edo hedabideak?

Gorputzeko humoreak

Hezurrek haragiari nola, hala eusten diote Gorputzeko Humoreek, haragian barna zirkulatzen dutelarik, espirituari, gorputzean gertatzen den ororen eragingarri. Errorentzat lau humore daude nagusiki: Melankolia, Hazia, Odola eta Tinta. Laurak nahikoa humore beltzak. Horiek baliatzen ditu tedium vitaeaz eta edergoseaz, sexuaz eta maitasunaz, adiskidantzaz eta gerrez, irakurtzeaz eta idazteaz aritzeko. Egunerokotasuna gai mitiko bihurtzera jolasten da Erro liburu honetan, gure etorkizuneko heroiak sentitzera.

Altzeta

Geografia intimo bat da. Ez dago inon, egilearen begien barnean ez bada. Baina irakurleak, hala ere, izango du makina bat pertsonaia, makina bat izen eta leku eta gorabehera mundu ttiki horren berri zehatz emango dionik. Sortu bezala suntsituko da Altzeta, ezerezetik ezerezera doan bidaia noragabean. Hondamendia iritsi bitartean, ordea, gauza asko gertatuko da bertan: Zooaren sorrera, Goiko Bentako ibilera isilekoak, tren ttikiaren ibilaldiak, eskia… Atzera eta aurrera mugituko ditu kontalariak hariak, noiz umorez, noiz ukitu tragikoz edo lirismoz, noiz errealitateak eskaintzen duen magiaren lurrinez; baina zuhur beti ere. Eta borobilduko da azkenean zirkulua eta patuaren esanera errendituko da hemen ere, agian amets polit bat besterik izan ez zen mundu koloretsua.

Hiruko

Narrazio hauek euskaldunen eta diogun euskaldunen etsaien gatazka denboraren arteka isilaren aterpetik bermatzen dira. Argi dago bi denbora finkoak gerlan daudela eta ematen du Hiruko hau osatzen duten hiru testuak lubaki abandonatu eta bakartitik idatziak direla: zartailuen eta garaipen deiadar harroen erditik, noizbait izatera heldu litekeen ahots umil eta biluzi. Gurutze Gorriarekiko bandera zuri bat? Agian, gurean, gureari eta gure bortizkeriak kutsatzear dituen gure hitzekin gogoetatzeko ildoaren irekitzea. Herriak bizi behar du istorioan zehar, askapen borrokaren mistikak nola gazte bat sura daraman ikusten da. Ipuin baten gisa irakur daitekeen Harpe ilunetik ateratzeko saio laburrean, batzuetan dudazkoa den euskaldunon legearekiko egin-moldearen anbiguotasuna ikertzen da. Elpides antzerki giroko testuan, hondarrik, gerla handi eta gerla txikiekiko sofista solas ironiko-sarkastikoa hedatzen da, gaiarekiko premiazkoa genukeen irri-karkara erraldoi. Nazionalismoak sorraraz dezakeen izpiritu-hertsatze ekintzaren aipatzeko beraz, autoreak hiru forma literario baliatzen ditu: narrazioa, saioa eta antzerkia. Irakurleak testu hauetan, gainera, liburuetan kausitzea gustatzen zaion harremanen biolentzia, sexua, biziaren huts zein bakuntasuna eta umorea atzeman ditzake besteak beste. Zergatik ez gaiztakeria politiko apur bat, halaber, ohituraz jadanik, lo zurrungaz dagoen geure baitako piztia ideologikoa akuilu xixtaz iratzarrarazteko bezala.

Bizia lo

Bost kontakizun biltzen ditu Jokin Muñozek liburu honetan. 60ko urteetan jaiotako belaunaldiari bizitzea egokitu zaion giroari eta bizipenei oso lotuak bostak ere. Entzunez baino ezagutzen ez duen gerraosteko giroan murgiltzen da autorea aurreneko ipuinean, eta fikzio futurista alegiazkoan sartuta bukatzen du liburua. Tonu errealista da nagusi. Kontakizun biluziak dira, apaindura askorik gabeak. Gordin kontatuak daude, baina epairik eman gabe. Irakurleak atera beharko ditu ondorioak, eta ez dira beharbada oso baikorrak izango. Neguan bizia lo dago Lizardiren begietan. Ez dira autorearenak lo egon kontakizun indar handiko hauek idazterakoan. Euskal gatazkaren hariak bizi-bizi ageri dira agertokiaren atzeko oihal, baina ez da gatazkari buruzko liburu bat. Arazo horrekin ere bizitzen ikasi dugun gizakiei buruzkoa baizik.

Euskal gatazkaren begiak

«Gu guztiok itotzear gauzka gatazka gordina dela-eta, ez da harritzekoa hedabideak muga-mugako jokabideetara lerratu izana. Ez eta muga horiek behin baino gehiagotan gainditu izana ere. Mugoz gaindi ibiltzea arau eta lege bihurtu dute, ordea, zenbait hedabidek, eta ez dirudi hori hain onargarria denik. Besteak beste, mugak behin eta berriz gainditzen dituenak mugon kontzientzia bera gal baitezake -galtzen baitu- jardueraren jardunez. Alde horretatik, kazetarion urrats desbideratuen eta bide galduen inbentario halako bat ere bada Idoyagaren lan hau. Horrez gainera, hamaika iradokizun zuhur kilikagarri ere aurkituko ditu hemen kazetariak -eta komunikazioaz interesa duen edonork- egindako urrats desbideratuak zuzendu, eta bide galduak atzekoz aurrera ibiltzeko. Izan ere, bide berrien bila abiatu baino lehen, ezinbestekoa da ibilia desibiltzea, gatazkaren parte bihurtu baitu orain arteko bideak kazetaritza». MARIANO FERRER

Ez balego beste mundurik

Gauza trajikoak umorez esaten maisu da Linazasoro. Irribarre, barre-azal, barre txiki eta handi, denak saiatuko ditu irakurleak, gauzek, ordea, trajiko izaten jarraituko dute. Aldarte ona behar du irakurleak ipuinok irakurtzeko. Aldarte umoretsua, dudarik gabe, baina mundu itogarri trajikoan sartzen ari dela hartu behar du kontuan; estimagarri irudituko zaio irakurleari orduan kontatzen duen horrekiko autoreak zaintzen duen distantzia. Ez balego beste mundurik ipuin-bilduma honek badu anaia zaharrago bat: Zer gerta ere (1994) izenekoa. Sei urte pasatu dira, eta berezko urratsa egin du aurrera autoreak hain maite duen absurdoaren labirintoan.

Analfabetoa idazle

Hamaika atal laburretan jasotzen ditu egileak bere bizitzaren une erabakigarrienak. Jaioterri izan zuen Hungariatik Austriara, eta handik Suitzara emigratu zuenean lau hilabeteko bere alabarekin, hungarieraz irakurtzen zuen, eta asko; baina gero, frantsesez –alegia, erbestearen hizkuntzan– idatziko du bere literatur obra osoa. Liburu honetan, ama hizkuntzaz eta “hizkuntza etsaiez” dihardu (alemana eta errusiera, baita frantsesa bera ere) besteak beste, idazkera minimalista batez ondutako kontakizun autobiografiko zorrotz, gupidagabe eta doi batean.
Oroimen eta bizipen propioez –eta oroimen eta bizipen haiei buruzko azterketa zorrotzez– literatur esperientzia hunkigarri bezain gozagarria eraikitzeko gauza izan diren idazle maisu-maistren multzoan dugu, betiko, Agota Kristof.