Hiltzen nauzu goxoki

Munstroak eta gu aldi berean ari gara zahartzen. Ez da harritzekoa. Liburu honetan agertuko zaizkigun mamu guztiak gure isla baino ez dira. Haiek dira, Gonzalo Suárezek ederki amestu zuen legez, barruan daramagun Mr. Hyde propioa. Haiek dira guk geuk pintaturiko Dorian Greyren nolabaiteko erretratua. Haiek egingo dituzte, gure partez, geuk gustuko, begiko, gogoko ditugun oker guztiak. Guk ez dugu okerrik egingo. Gu testuinguru soila izango gara. Gure mandatariak izango dira pantailan. Haien aurpegietan, haien ibilera makurretan, haien begiradetan grabatuko da Gaizkiaren seinalea, guk, zine aretoetako ilunpean, salbu, onik, kalterik gabe, eder irauten dugun bitartean.

Rowley Jefferson Superjatorraren abentura

Rowley Jeffersonen irudimenak sortua, abentura epiko bat. Elkar zaitez Rolandekin, eta Garg Basatiarekin, haren lagun onena, euren herriko segurtasuna utzi eta Rolanden ama Azti Zuriaren atzaparretatik salbatzeko ontziratzen direnean. Bizirik aterako ote dira gure heroiak? Rowley Jefferson Superjatorraren abentura miresgarria irakurrita jakingo duzu!

Triangelu hautsia

II. Karlistada garaian, Euskal Herritik Venezuela aldera ihes egin zuen mediku gazte baten istorioa kontatzen zaigu hemen. Venezuelan neska eder bat ezagutu, eta harekin maitemindu zen. Haretxen ahotik ikasi zuen urte batzuk lehenago Urrezko Triangelua izeneko espedizio batean parte hartu zuela neskaren aitak. Espedizio hark, euskal pirata baten altxorraren bila Amazoniaraino joan bazen ere, ez zuen bere xedea lortu, eta hainbat heriotza misteriotsu gertatu zen. Hori guztia argitze aldera espedizio haren urratsei jarraitzea erabaki zuten protagonistek.

Paper-festa

Minimalia ipuin, kontakizun eta istorio laburrez osatutako liburu bat da. Narraziootan, bizitza kontatzeaz gainera, kontatzen da literaturaren abentura ere. Bizitza eta idazkuntza txanpon beraren aurkia eta ifrentzua baitira, Minimalian txanponaren alde biak ageri dira bat eginda, noiz harmonia onean, noiz armonia liskartsuan, baina inoiz ez bakoitza bere aldetik bizi diren testu gisa, besteekin batera baizik, elkar osatuz eta elkarri lagunduz, liburua testuen elkarren arteko ehunduraren baten emaitza baita, hainbat narrazioz osatutako narrazio bakarra, eta ez hainbat testuren pilaketa soila.

Ekialdetik iritsi zen Enara

Adopzioaren munduan esan ohi da gure seme-alabak ez direla gure sabeletik jaiotzen mundura, baina bai, ordea, gure bihotzetik. Gure bihotzaren seme-alabak direla arrapostu egiten diegu genetikari garrantzi handiegia ematen dietenei. Erantzun ederra da, inondik ere, eta nik segida eman nahi diot liburu honetan.
Hori bai, liburu honetara nazioarteko adopzio bat burutzeko gida bat aurkituko duzulakoan hurbildu bazara, oker zaudela esan beharko dizut. Era berean, adopzioaren aldeko panfleto bat nahi duena ere oker dabil. Ez dut inor konbentzitu nahi. Ez dut inor konbentzitu behar. Gurasotasun biologikoaren aldeko panfleto bat bezain absurdoa litzateke adopziozko gurasotasunaren aldekoa; azken batean, nork bere bidea egin behar baitu. Guk gurea egin dugu eta horixe kontatu dut, gure istorioa, gure esperientzia. Txinan gauzatutako adopzio baten istorioa, gure alabarengana eraman gintuena.
Bihotzaren lumaz idatzitakoa.

Bi hitz

Poetak zioen maitatzen ez dakien pertsona ez dela bizi, baina asko eta itsu maite duenak ere lanak ditu.

Galdutako amodio baten kontakizuna da eleberri hau, galdu den unetik hasita, obsesioaren eremuetan sartzen den unetik. Sentimendu ezberdinak korapilatzen dira, eromena, beldurra, bakardadea, sexurako grina, mina… helburu bakar batekin: galdutakoa berreskuratzea, beste behin bada ere, partekatua bada ere, edo betiko ahaztea.

Kontatze modu bizia erakusten du Garazi Goiak bere lehen eleberrian, esaldi laburrez josia, gordina batzuetan, zenbaitetan amets girokoa, sortu duen fikzioari tamaina hartzen beti.

Kontu jaten

Eskarmentu handiko emakumeak dira. Gure herriko emakume adin batekoak. Kamera baten aurrean jarri ditu kazetariak. Ez, ez daude ohituta kamerari erantzuten. “Baina zer jakin nahi duzu?”, galdetu dute maiz. Haurtzaroa eta gaztaroa nolakoa izan zuten jakin nahi du kazetariak. Eta kontatu egin dute. Kazetariak idazleari pasatu dio grabazioa, eta idazleak haiena jaso, eta bere uztatik erantsi du zerbait.

Helduek, mahaian eserita, hizketan ari direla, haurren bat adi-adi sumatzen badute, esan ohi dute: “ari zara ba orain ere kontu-jaten”. Arantxa Iturbek berarekin batera jarri gaitu mahai honetan, gure herriko emakume eskarmentudunen mahaian, kontu-jaten.

Aurkari ikusezina

Gure gutasunak arduratzen nau, beste guztien gainetik horrexek arduratzen nau; ez dakigun gerta mahaia paratu nahi eta ogirik ez izatea. Edo euskaraz gara, edo ez gara izango; herri, esan gura dut. Vasconia nahiz Euskal Errepublika eleanitza ez da Euskal Herria; proiektu hori politikoki polita izan daitekeen arren, ur-ardo usaina hartzen diot. Hala ere, ez da hainbeste zazpi probintziak suz eta altzairuz euskaldun bihurtzea, ezpada garen euskaldunok geure herria osatzea eta abian jartzea: Euskal Herria abian jartzea administrazio propioarekin, hezkuntza berezituarekin, eta hedabide beregainekin. Zeren, galdetu al digute euskaldunei erdaldunekin konpartitu nahi ote dugun administrazioa, edo hezkuntza, edo hedabideak?

Gorputzeko humoreak

Hezurrek haragiari nola, hala eusten diote Gorputzeko Humoreek, haragian barna zirkulatzen dutelarik, espirituari, gorputzean gertatzen den ororen eragingarri. Errorentzat lau humore daude nagusiki: Melankolia, Hazia, Odola eta Tinta. Laurak nahikoa humore beltzak. Horiek baliatzen ditu tedium vitaeaz eta edergoseaz, sexuaz eta maitasunaz, adiskidantzaz eta gerrez, irakurtzeaz eta idazteaz aritzeko. Egunerokotasuna gai mitiko bihurtzera jolasten da Erro liburu honetan, gure etorkizuneko heroiak sentitzera.

Altzeta

Geografia intimo bat da. Ez dago inon, egilearen begien barnean ez bada. Baina irakurleak, hala ere, izango du makina bat pertsonaia, makina bat izen eta leku eta gorabehera mundu ttiki horren berri zehatz emango dionik. Sortu bezala suntsituko da Altzeta, ezerezetik ezerezera doan bidaia noragabean. Hondamendia iritsi bitartean, ordea, gauza asko gertatuko da bertan: Zooaren sorrera, Goiko Bentako ibilera isilekoak, tren ttikiaren ibilaldiak, eskia… Atzera eta aurrera mugituko ditu kontalariak hariak, noiz umorez, noiz ukitu tragikoz edo lirismoz, noiz errealitateak eskaintzen duen magiaren lurrinez; baina zuhur beti ere. Eta borobilduko da azkenean zirkulua eta patuaren esanera errendituko da hemen ere, agian amets polit bat besterik izan ez zen mundu koloretsua.